Getariarrek ikasgela berria izango dute apiriletik aurrera

Julene Sorarrain 2025ko mar. 27a, 11:17

Ikasgela berria Ulpiano eraikineko lehen solairuan. (Getariako Udala)

Apirilaren 1ean jarriko da martxan, eta Ulpiano eraikineko lehen solairuan egongo da. Aurreko ikasgelaren ordutegi bera izango du, eta sartu-irtenerako giltza elektronikoa jarriko dute. 

Getariako Udalak, herritarren beharrei erantzuteko asmoarekin, 2017. urtean zerbitzu berri bat jarri zuen martxan: ikasgela. Kultur etxean, liburutegiaren alboan, zegoen lokal bat egokitu zuten horretarako, eta, azken urteetan hainbat herritarrek erabili dute zerbitzu hori. 

Erabilpenak, ordea, lekuaren gabeziak azaleratu dituela esan du udalak. Liburutegiko sartu-irtenek eta musika-eskolako instrumentuek sortzen duten soinua eta ikasketetarako behar diren isiltasuna eta arreta "bateraezinak" direla gaineratu du udalak, eta horrez gain, "behar berriak" ere sortu baitira azken urteetan.

Egoera horren aurrean, udalak herrian "ikasgelarentzako beste txokoren bat aurkitzeari" ekin zion. Zarautz Jauregiaren berreraikitze-lanak bukatuta, herriak espazio berri bat du azken solairuan; horrenbestez, Ulpiano aretoa "bestelako erabilpen batzuetara bideratzeko" aukera sortu zen, eta udalak pentsatu zuen "aukerako lekua" zela ikasgela berria jartzeko.

Hala, udalak aretoa egokitzeko lanei ekin zion. Besteak beste, espazioa zatitu, hormak margotu, lurra aldatu eta altzari berriak jarri dituzte. Lan horien kostua 24.000 euro ingurukoa izan da guztira.

Ikasgela berria, Ulpiano eraikinean. (Getariako Udala)

Ikasgela berrian aurrekoaren ordutegi bera mantenduko dute, hau da, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara. Bestalde, sartu-irtenerako giltza elektronikoa jarri dute, eta hain zuzen ere, liburutegiko arduradunek kudeatuko dute gai hori. Herritarrek liburutegian bertan eskuratu ahal izango dituzte txartel elektroniko berriak. Lehendik txartela zuten erabiltzaileek ere liburutegitik pasatu beharko dute, beraien txartela berriro aktibatzeko eskatzera; honek ez du gainkosturik izango.

Liburutegiko ordutegia 16:00etatik 19:00etara da astelehenetan, asteartetan eta ostegunetan; 10:00etatik 13:00etara, aldiz, asteazkenetan eta ostiraletan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide