Mendi buelta, bazkaria eta DJ gaua antolatu ditu Getariako Gaztetxeak

Onintza Lete Arrieta 2025ko mar. 13a, 11:24

Pertsona bat musika jartzen. (Pixabay)

Datorren astean, larunbatean egingo dute egun osoko ekitaldia, eta parte hartu nahi duenak izena eman beharko du aurrez. Goiz bueltaren ondoren, babarrun jana egingo dute Gaztetxean bertan, eta gauean zuzeneko musikaz gozatuko dute DJ Josebarekin.

Getariako Gazte Asanbladak egun osoko egitaraua antolatu du martxoaren 22rako; alegia, hurrengo asteko larunbaterako.

Aurrena mendi buelta egingo dute. Txangoa 09:00etan hasiko da, Gaztetxe aurrean, eta handik Zingirara, Garategainera eta Askizura joango dira. Han, hamaiketakoa egingo dute.

Ondoren, Gaztetxera itzuliko dira babarrun jana egitera –hamar euro balioko du bazkarirako txartelak– eta gauean, berriz, Remember Gaua izango da DJ Josebarekin. 22:00etan hasiko da musika saioa.

Egun horretako ekintzetan parte hartzeko izena aurrez eman beharko da 688 69 53 24 zenbakira deituta (Unai), eta martxoaren 21a izango da apunatzeko azken eguna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide