Martxan da Getariako 24. Literatur Lehiaketa. LH3. mailatik gorako getariarrek apirilaren 8ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte lanak; ipuinak, bertsoak edo olerkiak aurkeztu ahalko dituzte horiek.
Zazpi mailatan banatuko dituzte lanak aurtengoan: LH 3. mailakoenak; LH 4. mailakoenak; LH 5. mailakoenak; LH 6. mailakoenak; 12-14 urte artekoenak; 14 eta 16 urte bitartekoenak; eta 16 urtetik gorakoenak. Gai librean idatzi ahal izango dituzte herritarrek lanak, euskaraz, eta horiek originalak eta argitaratugabeak izan beharko dute. Oinarri guztiak honako lotura honetan irakur daitezke.
Epaimahaia Iturzaeta herri eskolako, Artzape euskara elkarteko, Udal Liburutegiko eta Udaleko Euskara batzordeko ordezkariek osatuko dute. LHko ikasleen mailetan, ipuinen modalitatean, bi sari banatuko dituzte; olerkien mailan lan egokirik ez bada, hirugarren ipuin bat ere sarituko dute. 12 urtetik gorako mailetan, berriz, maila eta modalitate bakoitzeko –ipuinak eta olerkiak edo bertsoak– sari bana emango dute, eta 16 urtetik gorakoen arteko modalitate bakoitzeko irabazleak 150 euro eskuratuko ditu.