Beste urte batez, Getariako Udalak inauterietako kartel lehiaketa antolatu du adin guztietako herritarrentzat, eta epaimahaiak dagoeneko erabaki ditu aurtengo garaileak. Aurten guztira 57 lan jaso dituzte, eta, aurkeztu dituzten guztien artean Edurne Irigoienek egindakoa iruditu zaio onena epaimahaiari.
Adin txikikoei dagokienez, Nara Alberdiren kartela saritu dute 2 eta 5 urte arteko haurren kategorian, June Urrestirena LH1etik LH3rako ikasleen kategorian, eta, Garazi Manterolarena LH4tik LH6rakoan.
Epaimahaia Joana Mate Iturzaeta Herri Eskolako ordezkariak, Idoia Neves margolariak eta Enkarna Urzaiz margolari eta pintura tailerreko ordezkariak osatu dute. Sari banaketa martxoaren 1ean egingo dute, larunbatarekin, 19:00etan, herriko plazan.