Getariako Ahalduntze Taldeak dagoeneko prest du Martxoaren 8ko egitaraua. Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte, hala nola bertso poteoa, herria afaria eta egunari amaiera biribila emateko DJ saio bat.
19:00etan hasiko da bertso poteoa, eta bertan izango dira Libe Goenaga, Eli Pagola eta Uxue Alkorta bertsolariak herriko kaleak girotzen. Ondoren, 21:30ean, herri afarian elkartuko dira, eta bertaratzen direnek natxoak, paella eta euskal pastela dastatzeko aukera izango dute. Afariaren ostean, Esther Sound Sister DJa arituko da gaua girotzen.
Herri afarirako izen ematea zabalik egongo da martxoaren 2ra arte, eta horretarako, turismo bulegora jo daiteke. Sarrerak 21 euro balio du.