Eibarko (Gipuzkoa) Alfa josteko makina enpresak Alfa Style joskintza lehiaketa antolatu du lehen aldiz "Espainia osoko jostunen eta diseinatzaileen sormen-talentua saritzeko", eta larunbat honetan izango da finala, Balentziaga museoan. Urrian Eibarren bertan hasi zuten lehiaketa, eta ondoren Bilbon, Malagan (Espainia), Alcoyn (Herrialde Katalanak) eta Madrilen jarraitu dute.
Antolatzaileek azaldu dutenez, hiri bakoitzean hiru pertsonaz osatutako bost taldek beren sormena eta talentua erakusteko aukera izan dute, eta bakoitzetik talde bakarra hautatu dute Getariako finalerako. "Balentziaga museoan, hiri bakoitzeko talde irabazleetako kideek beren sorkuntzak banaka garatuko dituzte. Azken etapa horretan, epaimahai espezializatu batek ebaluatuko ditu sormen-lanak, eta irabazle bakar bat hautatuko du", adierazi dute. 14:30ean hasiko dira piezak garatzen, eta 20:00etan amaitzea aurreikusten da.
Lehen edizio honen irabazleak 1.500 euroko saria eta "prestazio handiko" Alfa josteko makina bat jasoko ditu. Bestalde, "finalista guztiek modaren eta joskintzaren industriako aditu ezagunen aurrean euren lana aurkezteko aukera izango dute; alde horretatik, plataforma paregabea eskaintzen zaie haien talentua nabarmentzeko", azpimarratu dute. Biharko ekitaldia itxia izango da, eta gonbidapenak behar dira sartzeko.