Getariako Udalak gaur eguerdian aurkeztu du aurtengo San Anton jaietako egitaraua Sahatsaga pilotalekuan, sanantonei hasiera eman ohi dien pilota partidetako protagonistak bertan zirela. Izan ere, momentu berean aukeratu dituzte pilotak Ezkurdiak, Rezustak, Etxeberriak eta Martijak. Aurreneko biak azken bien kontra ariko dira ostiral iluntzean, eskuz binakako pilota txapelketaren barruan. Haien aurretik izango da B mailako pilota partida Zabala-Eskuza eta Egiguren V.a-Bikuñaren artean.
Sarrerarik ez da gelditzen, eta Ekaitz Esteban alkateordeak prentsaurrean azpimarratu duenez, "inoiz baino lehenago" agortu dira.
Sarrerak, aurrez
Aurtengo sanantonek azken urteetako egiturari eutsiko diote: pilota partidekin hasiko da etzi, eta hurrengo astean, ostegunean, umeentzako ekitaldiak izango dira arratsaldean; ostiralean, berriz, San Anton eguna, Balentziaga museoan komumikabideentzat egingo da txakolinaren uzta berriaren aurkezpena, eta segidan, festa plazan eta frontoian lehertuko da.
Argizka Balentziaga Getariako Txakolina Jatorri Izendapeneko ordezkariak azaldu du 24 upategik parte hartuko dutela dastaketa saioan, eta txartelak sei euroan egongo direla salgai –edalontzia eta sei txalokin trago hartzeko–. Herriko umeek jai dutenez, Sahatsagan kimika esperimentuak egiteko aukera edukiko dute. "Aurreko urteetan zirku eta herri kirol tailerrak eskaini izan ditugu, eta aurten esperimentazioarekin animatu gara", kontatu du Estebanek. Hurrengo eguna Gazte Eguna izango da. Gazte Asanbladak eta Graka kolektiboak herri bazkaria eta kontzertuak antolatu dituzte, eta bazkarirako txartelak iganderako erosi behar direla jakinarazi du Iban Isasti Festa Batzordeko kideak –batzordekoekin harremanetan jarrita–, eta kontzertuak herriko hainbat gunetan izango direla: Berdura Plazan aurrenekoak, gerokoak frontoiko karpan, eta hura itxitakoan, Gaztetxean jarraituko dute festarekin.
Hasi ez ezik, amaitu ere, ohi bezala egingo dute igandean: musika bandaren kontzertuarekin eta bertsolarien saioarekin. "Aurten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa izan denez, hango aurreneko bost sailkatuak etorriko dira, eta herriko bat ere sartu dugu, Libe Goenaga", azaldu du alkateordeak. Sarrerak Turismo Bulegoan daude salgai.
Egitaraua
Urtarrilak 10, ostirala
- 20:45. Eskuz binakako pilota txapelketako partidak: Zabala-Eskuza vs. Egiguren V.a-Bikuña eta Ezkurdia-Rezusta vs. Etxeberria-Martija.
Urtarrilak 16, osteguna. San Anton bezpera
- 17:00. Plazan Ekain pailazoa, txokolate beroa eta buruhandiak.
Urtarrilak 17, ostirala. San Anton eguna
- 09:00. Diana Gazte Alaiak txistulariekin.
- 10:00. Kimikarin tailerra, Sahatsagan.
- 12:30. Txakolin dastaketa, frontoian.
- 18:00. Herri kirolak.
- Ondoren, txaranga eta DJ festa.
Urtarrilak 18, zapatua. San Anton bigarrena
- 14:30. Herri bazkaria.
- Ondoren. Heriotzaren karro-txaranga.
- 21:00. Kontzertuak: GZR, Benitze, Skaparen tributo bat, DJak.
Urtarrilak 19, igandea
- 12:30. Getariako Musika Bandaren kontzertua, elizan.
- 18:00. Bertso saioa Balentziaga museoan: Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Libe Goenaga, Ane Labaka, Aner Peritz, Oihana Iguaran. Ane Ezenarro gai jartzen.