Antzerki inprobisatuko tailerra probatzeko aukera izango da etzi Getarian

Julene Sorarrain 2025ko urt. 7a, 15:44

Egoitz Aizpuru antzerki irakaslea. (utzitakoa)

Ikastaroa Egoitz Aizpuru antzerki irakasleak eskainiko du, eta hilaren 16an hasiko da. Lehenik, ordea, doako ate irekiak egingo dituzte, interesdunek "esperientzia propioa eta erreala bizi dezaten". Hitzordua Gure Txeruren lokalean izango da, 19:00etatik 21:00etara bitartean.

Egoitz Aizpuru antzerki irakasleak, Gure Txeru elkartearekin elkarlanean, antzerki inprobisatuko ikastaroa eskainiko du, hilaren 16an hasita. Ikastaroa helduei zuzenduta dago, eta parte hartzeko ez da aurretiko esperientziarik behar. Etzi, ostegunarekin, doako ate irekiak egingo dituzte Gure Txeruren lokalean, ikastaroaren inguruan informazioa eskuratzeko eta interesa dutenek "esperientzia propio eta erreala bizi dezaten".

"Jarduera honen helburu nagusia istorioak taldean eta momentuan sortzea da, sormena eta elkarlanerako gaitasuna bultzatuz", azaldu du Aizpuruk. Ikastaroan hainbat teknika landuko dituzte, hala nola entzute aktiboa, irudimena askatzea, talde lana eta egoera ezberdinetara moldatzeko gaitasuna. "Saio praktikoen bidez, parte hartzaileek antzerkiaren oinarriak ezagutzeko aukera izango dute, eta komunikazio eta inprobisazio trebetasunak garatuko dituzte", gehitu du irakasleak.

Inprobisazioak esperimentazioan, antzezpenean eta elkarrizketan oinarritutako prozesua eskaintzen du. "Ariketa dibertigarrien bidez", parte hartzaileak egoera ezberdinetan sartuko dira, betiere taldekidearen ideiak aintzat hartuz.

Ikastaroa urtarrilaren 16an hasiko da, eta saioak ostegunero izango dira, 19:00etatik 21:00etara bitartean, Gure Txeruren lokalean. Informazioa eskuratzeko edo izena emateko, herritarrek txerugetaria@gmail.com helbidera idatzi edota 670-78 92 99 zenbakira dei dezakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide