Eraberritze lanak amaitzear dira Zarautz Jauregian. Getariako alde zaharrean kokatutako eraikin berrituak hilaren amaierarekin batera zabalduko ditu berriro ateak, eta horrekin batera bisita gidatuak antolatu dituzte bertan egindako lanak ezagutzeko, baina baita etxearen beraren historiaren berri izateko ere.
Datorren asteburuan egingo dituzte ate irekiak jauregian: ostiralean, hilaren 29an, 16:30ean eta 17:30ean; azaroaren 30ean, 10:00etan, 11:15ean eta 12:30ean; eta abenduaren 1ean 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. Bisita hauetan parte hartu nahi duten lagunak aurrez izena eman beharko dute Turismo Bulegoan, infoturismo@getaria.eus helbidera idatzita edo 943-14 09 57 telefono zenbakira deituta. Taldeek kopuru mugatua izango dute.
Proiektu museografikoa
Behin lan arkitektonikoa amaituta, proiektu museografikoa osatzeko lanetan murgilduta dago Getariako Udala, hura eramango duten zuzendaritzarekin eta enpresarekin elkarlanean. Udalak azaldu duenez, datozen hilabeteetan hartuko du forma Elkano Mundubira izeneko espazioaren proiektuak. Horren bidez, herriari eta Getariako herriari dinamismo berria eskaini nahi diote.