Getariako Udalak eskaera bat egin zion urte hasieran Jon Maia sortzaile zumaiarrari: "Getariaren identitatearen erradiografia bat" egitea, gaur egungo nortasunaren azterketa bat. Hala, Maia Getariako 23 elkarte, eragile eta mugimendurekin bildu da beren jardueren, gaur egungo egoeraren eta herriaren ikuspegiaren inguruan galdetzeko asmoarekin.
Prozesu horrekin batera, herritarrekin duen "harremana indartzeko eta komunikazio-kanalak eguneratzeko" premia ere sentitu du udalak. Lehen urratsa, herri identitate berriari erantzungo dioen marka sortzea izan da: Getaria. Herria itsaso. Marka berriaren sorrerarekin, udalak webgunea "eguneratzeko" beharra ikusi du ere.
Hori horrela, aurrerantzean, Getariako Udalaren webguneak "diseinu berria eta edukien antolaketa sinpleagoa" izango dituela jakinarazi dute. Eraberritze prozesu honen helburuak izan dira "nabigazioa erraztea eta informazioa argiago ikusaraztea". Beste alde batetik, Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak webguneko edukia bost hizkuntzatara itzuliko du, zehazki, gaztelaniara, frantsesera, ingelesera, katalanera eta galiziera.
Gainera, herriko argazki eguneratuak jaso dira; udaleko sailen, zerbitzuen eta herriko elkarteen inguruko informazio osatuagoa ematen da; eta albisteen eta agendaren atalak indartu egin dira, marka berriaren diseinuari lotuta.
Bestalde, hainbat euskarri ere eguneratuko dituzte datozen asteetan, hala nola, herriko paneletan jartzen diren kartelak eta sare sozialetako edukiak.