Getariako Udalak martxan du aurrekontu parte hartzaileen prozesua

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 28a, 10:41

Getariako udaletxe aurrea .

2025eko udal aurrekontuak lantzen ari da udala, eta aurreko urteetan bezala, herritarren iritzia jasoko du. Batetik, galdetegia erantzuteko epea zabalik dago joan den astetik, eta bihar, asteartea, izango da hori erantzuteko azken eguna. Bestetik, aste honetan batzarrak egingo ditu Askizun eta Meagan auzo horietako bizilagunekin.

2025ko udal aurrekontuak prestatzen ari da Getariako Udala, eta ohi bezala, herritarren parte hartze prozesua ere abiatu du "getariarren ideiak, proposamenak eta beharrizanen berri jasotzeko".

Herritarren ekarpenak biltzeko galdetegia prestatu du udalak, eta aurreko astetik dago herritarren eskura. Bihar, asteartea, amaituko da iritzia emateko epea. Dena den, parte hartzea online beharrean paperean egin daiteke, udal bulegoetan.

Bestalde, auzoetan bi batzar egingo ditu udalak, bat Askizuko auzo elkartean, bihar bertan, hilak 29, 20:30ean; eta bestea Meagako auzo elkartean, asteazkenean, hilak 30, 20:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide