Sortuk deituta, Gudari Eguneko ekitaldia egin zuten ostiral arratsaldean udaletxe parean, eta bertan, Francoren erregimenak duela 49 urte fusilatu zituen Txiki eta Otaegi zituela gogora ekartzeaz gain, "Euskal Herriaren Askatasunaren alde borrokan hil diren kide guztiak" ere oroitu nahi izan zituzten.
Aurtengo ekitaldian bereziki gogoan izan zituzten 1936tik hona hil diren gudarien senideak. Izan ere, "beraiek izan dira pertsona horien bizia eta memoria goxotasunez zaindu dutenak". Ezker Abertzaleak "konpromisoa berritu" duela azaldu zuen, eta "herri honekin Euskal Errepublika independiente, sozialista, feminista eta euskalduna lortu bitartean, lanean jarraituko dugu ilusio osoz eta beti herriarekin batera".