UKUEk Mikropreben laneko arriskuen prebentzioa sustatzeko programa eskainiko du

Julene Sorarrain 2024ko ira. 22a, 09:00

Eskualdeko langile autonomo eta enpresa txikiei dago zuzenduta, eta, izen-ematea zabalik dago urriaren 10era arte.

 Urola Kostako Udal Elkarteak babesa eskaini nahi die beren eguneroko lan-jardunean prebentzioa integratu nahi duten enpresa txikiei (25 langile arte), eta, horretarako sortu dute Microbreben.

Lan-jardunean prebentzioa integratuta izatea ezinbestekoa da enpresaren eta bereziki bertako langileen segurtasuna bermatzeko. Prebentzioa antolatzeko, ordea, aukera edo modalitate ezberdinak daude enpresa-jarduera, tamaina eta dituen baliabideen arabera. 

Programaren 11. edizioa

UKUEk 2010. urtetik darama Mikropreben prestakuntza programa eskaintzen, hain zuzen, laneko arriskuen prebentzioa sustatzeko. Orduz geroztik, urtez urte egonkortzen joan den ekimena izan da eta ibilbide emankorra bezain oparoa izan du. Aurtengoa 11. edizioa da, eta, 60 enpresek eta 63 pertsonek hartu dute parte.

Programa hau enpresa arduradunei zein prebentzioan ardurak dituzten langileei zuzenduta dago. Enpresa arduradunen kasuan, programan bitartez beren enpresetan prebentzioaren kudeaketa beregain hartzen ikasiko dute, hau da, beren lan-jardunari dagokion laneko arriskuak identifikatu eta legeak eskatzen duen dokumentazioa prestatu eta lantzeko oinarrizko ezagutzak eskuratuko dituzte.

Aldiz, prebentzioan ardurak dituzten langileen kasuan, kanpo enpresaren bat kontratatuta izanik prebentzioaren kudeaketarako araudia eta ezagutza teknikoa eskuratzeko aukera izango dute.

Mikroprebenen helburua da eskualdeko enpresa txikiei laneko arriskuen prebentzioan oinarrizko ezagutzak eskaintzea, prebentzio arloan legearen eskakizunak betetzen erraztea eta betebeharrak egikaritzeko tresna egokituak eskaintzea.

Programan parte hartzen duten enpresek, batetik, prestakuntza teoriko nahiz praktikoa jasoko dute. Ondoren, bakoitzaren enpresako prebentzio plana idatzi eta prestatzerako garaian, laguntza eta aholkularitza jasotzeko aukera izango dute. Era berean, enpresa txikiei egokitutako dokumentazioa eskainiko da, ulerterraza, erabat aplikagarria eta elebitan.

Programaren xehetasunak

Guztira, 30 orduko prestakuntza eskainiko dute UKUEren egoitza nagusian, urriaren 17tik azaroaren 19ra bitartean. Saioak arratsaldez izango dira, 13:30etik 16:30era, 3 orduko 10 saiotan, astearte eta ostegunetan.

Prestakuntza saioetan ondorengo eduki zehatzak landuko dituzte:

  • Laneko segurtasun eta osasun arloan oinarrizko kontzeptuak.
  • Arrisku orokorrak eta bere prebentzioa.
  • Arrisku espezifikoak jardueraren arabera eta bere prebentzioa.
  • Lan arriskuen prebentzioaren kudeaketarako oinarrizko arloak.
  • Lehen sorospena.

Informazioa eta izen-ematea

Ikastaroa doakoa da, eta izena emateko honako galdetegia bete behar da, datorren urriaren 10erako. Plaza kopurua mugatua da, beraz eskabideak onartzeko izen-emate ordena errespetatuko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide