Sei urte atzera egin beharra dago Getariako Arraun Elkarteko gizonen lehen taldearen hastapenetara joateko. "Hamahiru bat arraunlari elkartu ginen taldea ateratzeko asmotan", azaldu du Ion Larrañaga (Getaria, 1979) taldeko entrenatzaileak. Esperantza trainerua uretan ikusi nahi zuten berriro, eta taldearen erabakiz, Larrañagak hartu zuen taldearen ardura "ia derrigorrean".
Herrikoak ziren hasieran elkartu ziren arraunlari guztiak, eta horien artean aurkitzen zen Unax Eizagirre (Getaria, 1998) ere, taldeko patroia. "Getariarra izanda hemen hasi nintzen kadete mailan", adierazi du egindako ibilbidea gogora ekartzean. Senior kategorian zazpigarren urtea izango du aurten Eizagirrek, eta ondo gogoratzen du Esperantza bizitzen ari den sasoi berriaren hasiera: "Aurreko entrenatzailearekin nengoen eta proiektu aldaketa bat egon zen, taldea erabat irauli zen".
Taldea osatzeko ez ziren nahiko arraunlari haiek, eta inguruko herrietatik jende gehiago ekarri beharra ikusi zuten. Fitxatu zutenetako bat Mattin Etxaniz (Zumaia, 2001) izan zen. Aste Santu aldera iritsi zen zumaiarra Getariara: "Zumaian bazterketak egin zirenean, kanporatua izan nintzen". Getariakoa "aukeratzat" ikusi zuen Etxanizek, eta ez du baietz esanaren damurik, "asko ikasi" duela esan du.
Urte "berezia" izan zen hasierako hura, eta denek dute gogoan. "Denboraldi hasieran estropada gutxi izaten dira eta atseden hartzeko aukera gehiago izaten dute arraunlariek", argitu du Larrañagak. Hala ere, talde bateratu bat osatzea zuten erronka, are gehiago zeinen "talde gaztea" zuten ikusita, adierazi du entrenatzaileak prozesua taldekide horien ezaugarrietara egokitu zuen Larrañagak, gaur egungoen aldean bestelako entrenamendu saioak eginda: "Teknikoki antzekoak saioak ziren, baina fisikoki ahalegin txikiagoa eskatzen zuten".
Nork bere usteak izango zituen taldearekiko. Eizagirrek, adibidez, onartu du berarentzat ez zirudiela oso talde indartsua, eta beretzat helburua "mailari eustea" zela. Etxanizek ikuspuntu baikorragoa zuen, eta taldea "aurreko postuetan" ibiltzeko esperantzak zituen. Usteak uste, berehala hasi zen entrenatzailearen zein arraunlarien lana fruituak ematen. "Izugarrizko denboraldia atera zen eta hiru banderarekin amaitu genuen", gehitu du patroiak.
Taldeak lehenengo denboraldi hartan lortutako emaitzak eta gero, "gauzak oso naturalki etorri ziren", Larrañagaren ustetan, eta bide berean jarraitu zuten. "Gero pandemia etorri zen, jarraian beste pare bat garaipen lortu genituen eta aurreko hiru postuetan gelditu ginen", jarraitu du entrenatzaileak.
Etapa berria
2021eko denboraldia izan zen mugarria Esperantzarentzat. Andoni Galarraga Getariako arraunlari ohiaren omenez egindako estropadan garaipena lortu zuten, eta hortik "gauzak goraka joan" zirela azaldu du Larrañagak: "Guk ere sinistu egin genuen, motibatu egin ginen, eta emaitza onak lortu genituen".
Denboraldian zehar egindako lanak emaitzak eman zituen, eta Esperantzako mutilek TKE Ligara edo Eusko Label Ligara igotzea lortu zuten. Eizagirrek ilusioz gogoratzen du Getariak lehenengoz liga horretarako sailkapena lortu zuenekoa. "Nik ikusiak nituen getariarrak hiru aldiz KAE-1 liga irabazten, eta hiruretan huts egin zuten play off-etan. Guk asmatzea amets bat betetzea izan zen", oroitu du patroiak.
Mailaz igo ondoren, taldeak zituen helburuak bi hitzetan laburtu ditu Etxanizek: "Mailari eutsi eta disfrutatu". Argi dago Esperantzak aurrean zuen erronka ez zela makala, eta paladaz palasa joan beharra zutela. "Azkeneko postua saihestu zuzenean ez jaisteko, eta azken-aurrekoa ere bai, play-off-a jokatu beharrik ez izateko", hori zen taldearen nahia, Eizagirreren arabera.
"Guk ere sinistu egin genuen, motibatu egin ginen, eta emaitza onak lortu genituen"
Hala ere, lortutako emaitzak oso urrun egon ziren taldeak buruan zituen kezketatik. "Gure mailak berez azken postu horietan egotea beharko zuen izan", azaldu du Larrañagak, baina "espero ez" arren, denboraldia bigarren postuan amaitzea lortu zuten. "Denboraldiaurrean txalupa azkar zihoala ikusten genuen guk, baina ez duzu inondik inora pentsatzen igo zaren urtean halako emaitzak etorriko direnik", gehitu du Etxanizek. "Amestu" zuten hura lortzen ari ziren.
Denboraldiari amaiera bikaina
Kontxako Banderara sailkatzea zen hurrengo pausoa. Egindako denboraldia ikusi ondoren, dena "normal joanda, barruan" ikusten zuten taldea arraunlariek, nahiz eta sailkapena lortu arte ezin lasai egon. "Egun horretan asmatu beharra zegoen, presio hori ez dut sekula igarri", aitortu du Eizagirrek. Larrañagarentzat ere berezia izango zen sailkatzea lortzea, arraunlari moduan egindako ibilbideari amaiera borobila emateko modua: "Nire ilusioa zen hortxe bukatzea, Getaria Kontxan sartzen, buruan hori nuen".
Sailkapena lortu zuten eta baita Ohorezko Txandan jokatzea ere, nahiz eta amaieran bosgarren. postuan gelditu. Emaitza bat edo beste izan, ordea, arraunlarientzat "urte guztiko lana ospatzeko eta disfrutatzeko" egunak izan ziren: "Faktore askok baldintzatzen dute estropada hori, eta esango nuke urte guztiko emaitzarekin geratu beharra dagoela".
"Inoiz ez dut ahaztuko irlara sartzen ari ginela minutu bat falta zela esan zuela Eizagirrek. Bizitzan pasatu dudan minuturik luzeena izan zen", gogoratu du Etxanizek irribarre batekin. Getariak 50 urte zeramatzan Kontxara sailkatu gabe. Eizagirre: "Guk ez dugu sekula ikusi Getaria Kontxan sartzen, gu iritsi eta dena borobil irten zen". Izan ere, lortutakoa "sinistu ezinik" jarraitzen du Etxanizek oraindik: "Arrauna uzten dudan egunean baloratuko dut benetan zer lortu genuen urte horretan".
"Arrauna uzten dudan egunean baloratuko dut benetan zer lortu genuen urte horretan"
2023ko denboraldian ere lanean jarraitu zuen Esperantzak eta hilabete horietan lortutakoa ez zen urrun egon aurreko denboraldian egindakoarekiko. Eusko Label Ligan zazpigarren Postuan amaitu zuten denboraldia, eta bigarren urtez jarraian Kontxako Banderara sailkatu ziren.
Herri baten olatuan
Ibilbide oparo honetan, ez dira bakarrik egon, ordea, Esperantzako trainerua osatzen dutenak; herriaren indarra eurekin izan dute arraunkada bakoitzean. "Gehiengoak getariarrak izanik, kuadrilla bakoitzak arraunlari bat du tartean, eta gazte pila bat mugitu da. Getariako helduak ere autobusak hartu dituzte Donostiara joateko", azaldu du Eizagirrek herritik jaso duten babesa azpimarratuz.
Getarian arraunarekiko sortu den afizioaz ideia bat egiteko ondorengoa kontatu du zumaiarrak: "Xabierrek –Xabier Goikoetxea, elkarteko lehendakariagatik– esaten du ez dakit zenbat kamiseta atera zituztela saltzeko, astakeria bat zela, eta hala ere berriro eskatu behar izan zituztela denak saldu zirelako". Larrañagak ere "izugarrizko sorpresa" jaso du herriak emandako babesarekin: "Ikusi da Esperantzak herrian badituela zaleak".
Helburu berdinak
Egun, 2024-2025 denboraldiaren atarian, arraunlariak prest daude aurtengoari ere aurre egiteko, ilusioz eta indarrez beteta. "Beti pauso bat aurrera eman nahi izaten dugu, maila bat igo, arraunean hobeto egin", argitu du patroiak. Estropadaz estropada daukaten "onena eman" nahi dutela dio Eizagirrek: "Guri irabazi behar badigute, hobeak izan beharko dute, ez dadila izan guk gure mailarik onena eman ez dugulako". Hala ere, taldekide guztiek argi dute Esperantzak duen helburu nagusia TKE Ligan mantentzea dela. "Azken bi postu horietatik libratzea, nik uste emaitza aldetik beti hori izaten dela gure helburua, gero hortik aurrera...", azpimarratu du Larrañagak. Izan ere, aurtengo denboraldia lehiatua izango dela aurreikusten du Etxanizek: "Uste dut aurten segundo gutxitan bost edo sei txalupa egongo direla, eta espero dugu horien artean ibiltzea". Denboraldiak dakarrena ikustea besterik ez da geratzen. Hilabete mugituak datoz arraunlarientzat eta gertutik jarraitzen dituzten zaleentzat. Esperantza indartsu dago eta azken urteotan egindako bidea jarraitzeko esperantza du, baina Etxanizek esan bezala "denborak erakutsiko du zein den gure tokia".