Herritar eta eragileekin bi saio antolatu ditu Getariako Udalak euskara sustatzeko plan berriaz hitz egiteko

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 13a, 13:24

Herritar batzuk Getariako herrigunean.

Aurreneko saioa bihar, asteartea, izango da, eta maiatzaren 23an, ostegunarekin, egingo dute bigarrena.

Euskara sustatzeko plan berria garatzen ari da Getariako Udala, eta jakinarazi du aste honetan eta hurrengoan saio bana egingo duela herritarreki eta eragileekin, plana osatzeko bidean hurrengo urratsak emateko. Aurreneko saioa bihar bertan izango da, hilak 14, asteartea, 18:30ean udaletxeko udalbatzar aretoan. Bigarren saioa ordu eta toki berean izango da, hurrengo astean, hilak 23, ostegunarekin.

Euskara plana berritzeko prozesua martxoan abiatu zuen udalak, eta azaldu du orain arte emandako pausoetan "ezinbestekoa" izan dela herritarren iritzia jasotzea. "Hurrengo pausoak ere zuekin batera eman nahi ditugu", azpimarratu du udalak.

Biharko eta hurrengo asteko saioak irekiak direla jakinarazi dute, eta interesa edo kezka duten herritar guztiak daudela gonbidatuta horietan parte hartzera, "bereziki, herrian modu batera edo bestera, esparru desberdinetan eragiten duten elkarte edo taldeetako kideak".

Ez da derrigorrezkoa izena aurrez ematea, baina udalak horretara animatu ditu herritarrak eta eragileak, eta horretarako, galdetegi hau bete behar da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide