23. Korrika

Harro egoteko moduko herria

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 17a, 10:15

Getariako hogei eragile elkartu ziren atzo arratsaldean Korrikako Batzordearen erronka onartuz: Alde Zaharrari itzulia ematea lekukoa eskuz esku pasatuz. Bi orduz gelditu gabe egin zen lasterketa, eta giro aparta sortu zen denen artean. Ez zen falta izan zuzeneko musika eta irratsaiorik ere.

23. Korrika herrira iristeko egun gutxi batzuk falta direnean, Harro Herri Getaria eguna ospatu zuten atzo Getarian. Herriko Korrika Batzordeak erronka bota zien herriko eragileei: eskuz esku Korrikako lekukoa pasatuz Alde Zaharrari itzulika aritzea. Eta deialdiak arrakasta ederra izan zuen, hogei eragilek parte hartu baitzuten saioan. 17:30ean egin zuten aurreneko itzulia buruhandiek eta txistulariek –oinez joan ziren bakarrenetakoak–, eta 19:20 aldera arte etenik gabe aritu ziren korrika herritarrak.

Aurrez, herriko umeak petoak koloreztatzen aritu ziren frontoian, eta udaletxe azpian, berriz, zuzeneko irratsaioa eskaini zuten Beñat Gerekak, Ainere Tolosak eta Mikel Mujikak ekitaldi osoan zehar, eta hainbat herritar elkarrizketatu zuten, tartean Korrikako Batzordeko kideak. Horiek azaldu zuten ez dutela gustuko diru eskean aritzea, eta pentsatu zutela festa giroan politagoa izango zela sos batzuk ateratzea. Hala, txosna egon zen zabalik arratsalde eta gau partean –edariaz gain bokatak eskainiz–, eta Korrikako materiala saltzeko postua ere jarri zuten.

Musikak ere presentzia handia izan zuen, txistulariak, musika banda, txalapartariak eta abesbatza doinu alaiak eskainiz aritu zirelako.

Azken buelta Korrikako Batzordeko kideek egin zuten umorez gainezka, eta ekitaldia amaitzeko, aurtengo abestiaren koreografia dantzatu zuten plazan bertan.

Eguraldia lagun, giro bikaina sortu zen atzo arratsalde-iluntzean herrian, eta beste behin, harro egoteko herria dela erakutsi zuten getariarrek.

Harro Herri Getaria egunean parte hartu duten eragileak:

  • Buruhandiak eta txistulariak
  • Tonpe guraso elkartea
  • Katxapo gaztelekua-Urritza
  • Gure Txeru
  • Zanbuka guraso elkartea
  • Pepita Enbil musika eskola
  • Herriko abesbatzak
  • Getariako musika banda
  • Babexa dendarien elkartea
  • Itsasargi komunitate energetikoa
  • Batzokia
  • EAJ
  • EH Bildu
  • Presoen Lagunak
  • Artzape euskara elkartea
  • Gaztetxea
  • Taiko Judo eta Kenpo Kai
  • Getariako Arraun Elkartea
  • Getaitri triatloi taldea eta Saltaka
  • Keta futbol taldea

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide