Getariako Gaztetxeak bi kontzertu antolatu ditu asteazken honetarako: Sentuhlá valentziarra batetik, eta Olor donostiarra, bestetik. Kontzertuak 20:30ean hasiko dira.
Sentuhlà "Valentziako underground eszena aberatsean aspaldiko ezaguna den Jose Guerreroren ezizen ugarietako bat da. Bakarkako ibilbide honetan, errepikapen mekanikoaren aukera zabalak arakatzen ditu: funk zikina, downtempoa, afrikar erritmoak eta dub-a", antolatzaileen arabera. "Sentuhlà-k Yamaha Rm1x sintetizadore bakar bat nahikoa du inoiz imajinatuko ez genituzkeen erritmoak sortzeko".
Olorrek, berriz, "synth pop otxenteroa eta oihartzun industrialak" eskaintzen ditu. "Beltza eta zuria. Melodia eta zarata. Organikoa eta elektronika. Olorrek maite ditu ertzak. Haragia eta metala. Akauzazte eta Depeche Mode. Kantua eta spoken word-a. Anne Clark eta Siouxsie. Baina Olor ez dago bi muturren arteko erdibide erosoan. Bietan dago aldi berean; biak dira aldi berean".
Olor Jokin Azpiazu Carballo musikariaren proiektu pertsonalena dela azaldu dute antolatzaileek. "2017. urtean abiatu zen Chroma Bartzelonako taldeari Zarauzko Putzuzulon harrera egiteko asmoarekin, eta hortik aurrera oso erritmo motelean bada ere, aurrera egin du gaur egunera arte". Zerua urez (2019) eta Esperantza (2022) diskoak kaleratu ditu, eta bigarren aldiz joko du Getariako Gaztetxean.