Azaroak 30 ditu gaur, eta Euskal Herriko Koordinadora Feministak gaurko deitutako greba ari da eragina izaten herrietan. Getarian saltoki gehienek ateak irekita mantentzea erabaki dute, baina izan dira grebarekin bat egin dutenak ere: Indaux lantegia, udal liburutegia eta Musika Eskola, eta Iturzaeta Herri Eskola (langileen %77k egin dute bat grebarekin), esaterako.
Saltokiak irekita egon arren, jende andana elkartu da eguerdian udaletxe aurrean Zaintza sistema eraldatu zioen pankartaren atzean manifestazioa egiteko. Adin guztietako gizon-emakumeak ibili dira kalez kale zaintzaren inguruko aldarrikapenekin bat eginez.
Manifestazioaren amaieran Mariñak talde feministako kideek hartu dute hitza, eta besteak beste, garrantzitsutzat jo dute gaur kalera ateratzea mugimendu feministaren aldarriak "instituzioak interpelatzeko, enpresariak salatzeko, eta zaintzaren eremuan inolako arduradik asumitzen ez duten gizonak ere seinalatzeko".
Etxeko langile egoiliarrak ere izan dituzte gogoan, bai manifestazioan zehar, baita amaierako hitzetan ere: "Etxeko langile internek ez dute inolako eskubiderik gaur egun: ez atsedenerako, ez gaixotasun baimena izateko, ez langabezia zein greba eskubiderik".
Gaur egungo sistema "kolapsatuta" dagoela eta berehala "egoera larriei buelta eman behar" zaiela aldarrikatu dute. "Ardura eta konpromisoz, erabakiak hartu eta aldaketarako momentua da. Gobernuei borondate politikoa eskatzen diegu urgentziazko egoera honetan. Gobernuetan, udaletan, foru aldundietan... zaintza sistema publikoaren bidean urratsak emateko eskatzen dugu".
Mugimendu feministak aliantzak eraikitzen jarraituko duela ere esan dute, "euskal zaintza sistema publiko-komunitarioaren alde".