Elan-Euskadi elkarteak hitzaldi zikloa antolatu du aurten ere, eta bihar eskainiko du hirugarren eta azken solasaldia. Bake eraikitzaileak krisi garaietan: Ukraina izenburupean, sor Lucia Caram ariko da hizketan Getariako Ulpiano aretoan, 19:00etatik aurrera.
Ukrainako gerran inplikatuta ibili da Caram. Argentinarra jaiotzez, Espainian bizi da, eta ezaguna da liburuak idatzi dituelako eta komunikabideetan kolaboratu duelako. Bihar bere esperientzia kontatuko du, ez soilik Ukrainako gerraz, baizik eta mundu mailako egoeraz: "Hogeita bat bidaia egin ditut Ukrainara, gerraren tokian ibili naiz, jende asko hartu dut babesean, korridore humanitarioak ireki ditut, eta ohartzen naiz zeinen hauskorra den bakea. Horrexegatik, uste dut denok izan gaitezkeela bake eraikitzaileak, eta hitzaldian mundu mailan bizitzen ari garen krisiaz hitz egingo dut, bakearen hauskortasunaz hitz egingo dut, bizitzen ari garen gatazkez eta horien eraginez, hau da, gerra benetako porrota dela, eta Ukrainaren tokitik, gerra bat zer den eta zer esan nahi duen".
Hitzaldian bere proposamena ere jarriko du mahai gainean: "Gatazken aurrean, askotan galdetzen diogu geure buruari ea zer egin dezakegun: aurreneko gauza da laguntzera joatea, erronka da bake eraikitzaileak izatea 0 kilometroan, gatazkak areagotu daitezen eragotziz, eta ontasun, elkartasun eta adiskidetze zubiak eraikitzen saiatuz. Guztiok egin dezakegu hori", iritzi dio.
"2008tik geneukan krisiari COVIDarena gehitu zitzaion, eta burua altxatzen hasi ginela ematen zuenean, gerrak eragindako krisia etorri da, eta horrekin, prezioen gorakada, ezegonkortasuna, eta jendeak sentitzen duen segurtasun-gabezia. Gizarte gisa, banatzen ari garela ikusten dugu, krispazioa gorantz doala, eta gero, Palestinaren eta Israelen arteko gatazka lehertu da. Bakea oso hauskorra dela ikusi dugu", azaldu du Caramek Elan-Euskadiri bidalitako audio mezuetan.
"Gerren ondorioz –batzuk gugandik gertuagokoak beste batzuk baino– mundua odolusten ari dela ikusten dugu, baita diplomaziaren eta negoziaketen porrota ere. Era berean, zalantzan gelditu da NATO, ONU eta halako erakundeen boterea eta haien jokabidea, herritarrok ez dugulako beti ulertzen zer ari den gertatzen", esan du Caramek.