Elan-Euskadik antolatuta, sexu-indarkeriaren, krimen antolatuaren eta prostituzioaren arteko loturez hitzaldia emango du bihar Getarian Lucia Nieto (Medina del Campo, Espainia, 1993) Emargi elkarteko kideak. Solasaldia 19:00etan hasiko da, Ulpiano aretoan. Hitzaldiaren atarian, saio horren mamiaz aritu da Nieto Hitzarekin.
Oso gai zehatzaz hitz egingo duzu bihar Getarian. Zer kontatuko duzu?
Prostituzio sistemak nola funtzionatzen duen azalduko dut, eta kontatuko dut zer agentek osatzen duten sistema hori. Estatuak sartzen dira hor, haien bitartez egiten baitira legeak ekintza horiek onartzeko edo ez onartzeko. Ikusiko dugu ea estatuak nolabait konplizeak diren ala ez, baduten motaren bateko interesik... Prostituzioaren gaia lantzeko dauden hainbat modelo teoriko ere ikusiko ditugu. Proxenetismoaz ere hitz egingo dut, eta horrek nola funtzionatzen duen azalduko dut; emakumezkoen salerosketa zikloa nolakoa den ere azalduko dut. Herrialde batzuetan lan gisa hartzen da prostituzioa, esaterako Alemanian; han emakumeek alta hartzen dute Gizarte Segurantzan. Baina orain atzera egin nahi du Alemaniak, konturatu direlako ez daudela puta izan nahi duten hainbeste emakume alemaniar; eskaria, berriz, handia da. Eta, beraz, emakumeen salerosketa handitzen da: herrialde txirotuetako emakumeek joan behar dute sexu esplotazioko lanpostu horiek betetzera.
Espainiako Estatuan, berriz, alegala da prostituzioa.
Hala da. Ez dago erregulatuta, eta polizia edo epaileak emakumeen salerosketa jazartzen saiatzen direnean, oso zaila egiten zaie, ez dagoelako legerik esaten duenik prostituitzen duen horrek delitua egiten duela.
Pornografiaz ere arituko zara.
Bai, prostituzioaren marketina delako pornografia: Interneten diru gehien mugitzen duen negozioa da, eta mundu mailan, prostituzioak eta pornografiak armek eta drogek baino diru gehiago mugitzen dute. Horregatik, interes oso handia dago gaztetxoak –12-13 urterekin hasi ohi dira– kontsumitzaile bihur daitezen eta erotizatu dezaten bideo horietan ikusten duten sexu indarkeria. Izan ere, ez dauka zerikusirik sexu harremanekin, baizik eta indarkeriarekin eta emakumeei min ematearekin. Praktika horiek erotizatuta, horiek gauzatu nahi dituzte. Arlo afektibo-sexualean hezkuntza falta dute, eta iristen zaizkien mezu bakarrak pornografia bidezkoak dira. Beraz, indarkeria ekintzak ikasten dituzte, eta horiek gauzatu nahi dituzte. Horregatik ugaritu dira talde bortxaketak eta adin txikikoen arteko bortxaketak, eta neska batek ezetz esan baldin badezake, mutil horiek badakite badaudela beste emakume batzuk, dirua jarriz gero, ekintza horiek egingo dituztenak. Ez da egia pornografia ez dela erreala, fikzioa baizik edo fantasia; erreala da, bideo horietan emakumeei egiten zaizkien gauzak benetakoak direlako, eta pornografiaren barruan emakumeen salerosketa asko dagoelako; prostituziorako sarbidea da. Azken batean, gauza bera da; soilik, batean bideo kamera bat dagoela.
Krimen antolatuaz zer daukazu esateko?
Espainiako Estatuan, egunean bost milioi euro baino gehiago mugitzen ditu prostituzioak, eta beraz, negozio oso errentagarria da, ez daukalako lehengaia sortu beharrik; altzari fabrika baldin badaukazu egurra erosi beharko duzu, makinak... Pertsonekin trafikatzean, ordea, gastu horiek guztiak aurrezten dituzu. Bizi garen sistema patriarkal eta neoliberal honetan produktu errentagarrienak pertsonak dira, gorputzak, eta beti aurrena emakumeak eta neskatxak, prostituzioan hasteko adina 13 urtekoa delako. Oso garrantzitsua da gizarteak kontzientzia hartzea eta prostituzioa banalizatzeari uztea; ezin dugu hitz egin edozer lan balitz bezala, ez delako. Emakume horientzat ondorio psikologiko oso larriak ditu; Europako ikerketen arabera, prostituzioan aritzen diren emakumeen %87k trauma osteko estresa dute. Gerratik itzuli diren gizonezkoek pairatzen duten ondorio bera da.
Emargiko kidea zara. Zer egiten duzue elkarte horretan?
Emargiren helburua da adin guztietako emakumeen emantzipazioa lortzea. Hainbat arlotan egiten dugu lan: batetik, indarkeria sexualaren inguruko ikerketa, sentsibilizazioa eta prebentzioa lantzen dugu. Batez ere eskoletan, institutuetan, ematen ditugu formazio saioak indarkeria sexualaren aurka eta hezkuntza afektibo-sexualaren inguruan, etika feministaren ikuspegitik. Formazioa ikasleei, gurasoei nahiz irakasleei ematen diegu, gaia transbertsala dela uste dugulako. Aldi berean, eskoletan datu bilketa egiten dugu, jakiteko nolako kontzientziazioa duten eta nolako indarkeria sexuala jasaten duten, ondoren eskolak berak, gurasoek edo herri horretako udalak jakin dezaten zer esku hartze behar diren. Bestetik, egoitza bera dago; harreman osasuntsuak sortzeko espazioa da, soilik emakumeentzat. Azkenik, politikan ere eragin nahi dugu. Esaterako, orain aste batzuk Europako Parlamentuko jardunaldi batzuetan parte hartu zuen gure elkarteko kide Amelia Tiganus ekintzaile feministak: prostituzioa abolitzeaz eztabaidatzen aritu ziren txosten baten bueltan. Bozketa ez zen loteslea, baina Europako Parlamentuak erabaki zuen abolitu egin behar dela prostituzioa, giza eskubideen kontrako jarduera delako. Pauso garrantzitsua iruditzen zaigu, eta orain fokua Espainiako Estatuan dago jarrita, Europa osoan bertan kontsumitzen delako prostituzio gehien.