Azken estropadan ez dira oso fin ibili eskualdeko traineruak, baina Eusko Label Liga erdialdean bukatu dute

Andrea Zipitria 2023ko irailaren 17a

Esperantza trainerua. (Aitor Arrizabalaga)

Gaur, Bermeon jokatu den El Corte Ingles Banderan, azkenak izan da getariarrak. Zazpigarren postuan amaitu dute, ordea, Eusko Label Liga. Oriotarrak, berriz, azken-aurreko izan dira Portugaleteko estropadan, eta bosgarren sailkatu dira ligan.

Eusko Label Ligako azken jardunaldia izan da gaur, Portugaleten. Hain zuzen ere, lehen txandan jokatu dute Getariak eta Oriok; Lekittarra eta Cabo izan dituzte aurkari. Hasieratik kostatu zaie getariarrei erritmoa hartzea, eta azken postuan bukatu dute bai txanda bai eta sailkapen orokorrean. Hain justu, 20:16,76 denborarekin bukatu du estropada Esperantzak. Orio ere ez da oso fin ibili, eta azken-aurreko postuarekin konformatu behar izan du. 20:10,14 denboran osatu du estropada.

Denboraldian egindako lan onaren ondorioz, ordea, Eusko Label Ligan erdialdean bukatu dute denboraldia eskualdeko bi taldeek. Hain justu ere, bosgarren geratu da Orio; eta zazpigarren Getaria.

Gainerakoan, gaurko estropadan ez da ezusterik izan eta bigarren txandan parte hartu duen Zierbenak irabazi du Portugaleteko bandera (19:22,18 denborarekin). Ligan bigarren postua finkatzeko balio izan dio garaipenak.

Urdaibai da, ordea, 2023ko Eusko Label Ligako txapelduna. Bermeoko taldea hirugarren amaitu du El Corte Ingles Banderan (19:37,50), baina atzo jokatu zen Bermeoko Ikurriñean utzi zuen erabakita liga.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide