Eusko label ligan bezalaxe, Esperantzak Caborekin izan du norgehiagoka Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldian ere. Gaurkoan galiziarrak izan dira zertxobait azkarrago, baina segundoko aldea ere ez diete atera getariarrei. Hori horrela, datorren igandean aurre hartu eta banderako sailkapen orokorra seigarren postuan amaitzeko itxaropena du Julen Manterola arraunlariak: "Ez dago ezer erabakita, dena irekita dago".
Gaurko estropadaz, berriz, hau dio Manterolak: "Gure kontrarioak gure txandan genituen, lehenengoan, zeren, bagenekien Urdaibaik erlojupekotzat hartuko zuela gaurkoa eta bera izango zela txandako azkarrena. Gure helburua zen Urdaibairen ondoren gu sartzea beste biak atzetik uzteko. Caborekin eta Ondarroarekin dugu lehia guk Kontxan. Lehenengoarekin estu ibili gara gaur ere eta gogorra izan da estropada. Azkenean, haiek zertxobait gehiago izan dira, ordea".
Lehen aldiz aritu da Manterola Kontxan, eta aitortu du "ostegunean baino lasaiago" egin duela arraunean gaurkoan: "Sailkatze probarako nahiko urduri nengoen eta askoz gehiago gozatu dut gaur. Ametsa bete dut, gainera".
Hunkituta ere agertu da Esperantzako arraunlaria Getariako herriaren erantzunarekin: "Bagenekien lau autobus zirela etortzekoak herriko jendearekin beteta, baina bertatik bertara ikustea eta zer nolako giroa jartzen duten ikustea bestelakoa da. Sekulakoa da edozein emaitza lortzen duzularik ere herriaren babesa jasotzea. Esker hitzak besterik ez ditugu".