Atzo hastekoak ziren Euskotren eta Eusko Label liga, baina itsasoaren baldintzak zirela-eta bertan behera geratu zen jardunaldia, arraunlarien segurtasunari lehentasuna emanda. Gaur hondoko itsasoak eta ur-azalean haize olatuak ziren Coruñako uretan, eta kanpoaldean oso itsaso zikina zegoela nabarmendu dute arraunlariek. Itsasoaren baldintzak nahiko zailak baziren ere, jokatu egin da jardunaldia eta Euskotren Ligan Arraun Lagunak nagusitu da, 11:58,08 denbora eginda. Orio Orialkik bigarren txandan egin du arraunean, eta bere estropada irabaztea lortu badu ere, ezin izan du hobetu lehen txandan Arraun Lagunak taldeak, Tolosaldeak eta Donostiarrak egindako denbora. Hala, Orio laugarren postuan sailkatu da 12:03:98 denborarekin.
Gaurkoan estreinatu da Euskotren liga bi txandetara, eta taldeek jakin bazekiten huts eginez gero, puntu asko gal zitzaketela sailkapen nagusiari begira. Lehen lau postuetan sailkatu diren taldeak bost segundoren bueltan sartu dira helmugan, eta argi ikusi da denboraldian zehar lehia estua izango dela horien artean. Oriotarrek, gainera, erakutsi dute GPSaren arabera atzetik joan arren, azkenera arte borroka egingo dutela banderak lortzeko lehian.
Getaria Oriori aurre hartuta
Euskotren ligako jardunaldiaren ondoren, ekin diote Eusko Label Ligari, eta Coruñan diren arraun adituek nabarmendu dute nesken estropadatik mutilenera gora egin duela haizeak nabarmen, arraunketarako baldintzak okertuz. Orio Orialkik bigarren txandan egin du arraunean, eta hasieran estropadaren buruan jarri da Zierbenarekin batera. Gertutik jarraitu die, ordea, getariarren Esperantza ontziak. Lehia estuan ibili dira bi taldeak txandako lehen erdian, baina aurrea hartu du Bizkaiko taldeak. Azken luzean, gainera, Oriok ezin izan dio bigarren postuari eutsi, Getaria poparean atzetik aurrera etorri delako, Oriori aurre hartuz. Sailkapen nagusiari begira, hirugarren postuan sailkatu da Getaria eta laugarrena izan da Orio. Beraz, datorren asteburuan ohorezko txandan arituko dira eskualdeko bi taldeak, Zierbena eta Hondarribiarekin batera.
Hain zuzen ere, bigarren txandan nagusitu den Zierbenak markatukoa da gaurko denborarik onena, eta bizkaitarrek irabazi dute denboraldi honetako Eusko Label Ligako lehen bandera.