Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan sei zinegotzi eskuratu zituen EH Bilduk Getaraian, eta bat gutxiago, bost, EAJk. Hala, ezustekorik ez zen espero gaur eguerdian Udalbatza berria osatzeko kargu hartze ekitaldian, eta gorabeherarik gabe joan da saioa. Haritz Alberdik eskuratu du aginte makila bigarrenez, eta beste lau urtez ariko da alkate karguan.
Udalbatzar aretoa bete-bete zela eta txalo artean hartu du makila Alberdik, eta hitz eman du "getariar guztien alkate" izango dela "datozen lau urteetan ere", eta "ohorea" dela azpimarratu du."Azken lau urteetan joandako lagun, ezagun, kide eta senideak gogoan" izan ditu, eta aginte makila "haiena ere" badela esan du. "Eskerrak eman nahi dizkizuet botoa ematera joan zineten guztioi, baita hortik atera zareten eta gaur hemen eserita zaudeten hamar zinegotziei ere", gaineratu du.
Udal politikaz duen ikuspegiaz ere mintzatu da Alberdi herritarren aurrean: "Berriki Gema Zabaletak esandakoa ekarri nahiko nuke gogora: ausartu behar dugu herriaren mesedetara egongo den politika erabilgarri baten aldeko emozioa eta konfiantza berreskuratzen. Arriskua hartzea bizitzako aspektu guztietarako aberasgarria dela uste dut; ezinbestekoa, esango nuke, baita politikan ere. Eta, zeresanik ez, hurbileko politika jardunean, udalean. Iragan hurbilean arriskuak hartu ditugu, eta hala jarraituko dugu", esan du, hainbat adibide gaineratuz.
Hitza hartu aurretik herritarrei eta oposizioari eman die hitz egiteko aukera, baina EAJko kideek ez dute ezer esan nahi izan, eta soilik herritar bat altxatu da, bi alkategaiak "berdin-berdin maite" dituela esateko. Amaieran bi alkategaiekin argazkia ere atera du herritar horrek.
Bitxikeria hori albo batera utzita, bilkura normaltasun osoz egin da, eta amaieran hamar zinegotziek talde argazkia atera dute Getariako alkate berriarekin.