Eusko Alderdi Jeltzaleak maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan Getariako bizilagunen botoa eskatzeko ekitaldia egin du gaur eguerdian Bista Ona plazan. Eider Mendoza ahaldungaia izan da hitza hartu duen lehenengoa eta horretara deitu ditu herritarra, hain justu, "mobilizazatzera", botoa ez emateak "EH Bildu aldundiaren sarreran jartzen duelako", bere hitzetan.
Mendozak, EH Bilduren eta jeltzaleen aritzeko moduak alderatu ditu bere hizketaldian. Hala, adierazi du bi direla ereduak: "Bat, panakartetara jotzea eta zarata sortzea, eta, bestea, Eusko Alderdi Jeltzalearena, konponbideak biltzeko eta arazoari konponbideak ematen dizkiona".
Getariaz ere aritu da Mendoza eta oposizioan "jarrera eraikitzailea" izan duela nabarmendu du eta bestelakoa izan dela EH Bilduk erakutsitakoa. Horren harira, ahaldungaiak esan du "Photoshop mordoa" jarri dietela beren argazkiei egindakoak zuritu nahian, eta, gainerakoei aldiz, "mordorren filtroa" jarri dietela.
Iosu Mugika alkategai jeltzaleak ere hartu du hitza eta zehaztu du "39 proiektu" aurkeztu dituela bere taldeak hauteskunde programan. Zentzu horretan, azaldu du "herriko elkarte guztiekin egindako bileren emaitza" dela Getariako EAJren programa, izan ere proiektuen "%95 atera dira bilera horietatik". Bada, argitu duenez 127 izan dira guztira egin dituzten bilerak.
Hari beretik, Mugikak azpimarratu du EAJk badakiela "nolako Getaria" nahi duen. Besteak beste, "Getariako gazteak Getarian bizi daitezen ahalbituko duen herria izatea" nahi dute Mugikak eta bere taldeak, eta horretarako bidea etxebizitzak eraikitzea dela esan du. Hori lortu ahal izateko, alkate bada, arau subsidiarioak aldatuko dituela hitz eman du. Horregatik guztiagatik, herritarren botoa eskatu du berak ere.