Getariako EH Bilduk herriko gazteekin iritziak elkar-trukatzeko solasaldia antolatu du ostiral honetarako. Tertulia EH Bilduren zerrendako lau kidek dinamizatuko dute: Ainitze Gerekak, Eneko Mirallezek, Eñaut Silbetik eta Maddalen Iraolak, eta hitzordua 19:00etan izango da, Ulpiano aretoan.
Koalizioak esan du datozen lau urteetarako lehentasun nagusiak ezarri dituela "eragile eta norbanakoengandik jasotako eskaerak kontuan hartuta eta EH Bilduk urteetan bildu duen esperientziatik abiatuta". Datorren hau "agintaldi garrantzitsua" izango dela iritzi dio, "besteak beste, herriak datozen urteetan hartuko duen norabidea marraztuko baita; horren adibide garbia da herriko antolamendu nagusia, HAPOa, landu eta onartuko dela eta, beraz, etxebizitzen inguruko erabakiak hartuko direla, baita ekipamenduena eta beste hainbat arlorena ere".
"Honek guztiak belaunaldi desberdinengan izango duen eraginaz jakitun", EH Bilduri garrantzitsua iruditzen zaio "herriaren etorkizuna diren gazteekin EH Bilduren programako arlo nagusiak partekatzeko eta iritziak elkar-trukatzeko ariketa egitea". EH Bilduren ustez, "maite dugun herriak galdera eta erantzun berriak behar ditu eta hor, gazteek, zer esateko asko dute".