La Molinako (Girona, Katalunia) eski estazioan jokatu den Snowboard egokituko Munduko Txapelketa arrakastatsua izan da oso Irati Idiakez getariarrarentzat. Hiru domina irabazi ditu orotara. Azkena, atzo bertan dual banked eslalom kategorian, bakarkako saioan. Aurreko biak, berriz, boardercross modalitatean lortu zituen: zilarra bakarka eta urrea taldeka Leongo (Gaztela eta Leon, Espainia) Raquel Martinezekin bikotea osatuta.
Modu horretara, iaz lortutako emaitzak hobetu ditu kirolari getariarrak; izan ere, bina zilar lortu zituen Norbegian jokatutako Munduko Txapelketan, aurrez aipatutako bi modalitateetako bakarkako saioetan.