Urrea eta zilarra lortu ditu Irati Idiakezek Snowboard egokituko Munduko Txapelketan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko martxoaren 13a

Raquel Martinez eta Irati Idiakez Snowboard egokituko Munduko Tapelketako urrezko dominarekin. (Utzitakoa)

Taldekako proban lortu du garaipena getariarrak Leongo (Gaztela eta Leon, Espainia) Raquel Martinezekin bikotea osatuta, eta bakarkako proban bigarren postua lortu du.

Asteburu borobila izan du Irati Idiakez getariarrak. Snowboard egokituko Munduko Txapelketa ari da jokatzen La Molinako (Girona, Herrialde Katalanak) eski-estazioan eta dagoeneko kolkoratu ditu bi domina: urrezkoa taldeka eta zilarrezkoa bakarka. Biak ala biak Boardercross modalitatean lortu ditu.

Kirolari getariarrak larunbatean lortu zuen zilarrezko domina, eta, akaso, zapore gazi gozoa ere utziko zion, finalerdietan denbora onena lortuta sailkatu baitzen finalera. Urrea, berriz, atzo irabazi zuen Raquel Martinezekin bikotea osatuta. Leongo (Gaztela eta Leon, Espainia) eskiatzaileak bigarren denbora onena egin zuen probaren lehen zatian eta Idiakezek bigarren zati bikaina eginda errematatu zuen. Zehaztu behar da gainera, Espainiako selekzioak inoiz lortu duen emaitza onena dela modalitate horretan.

Hori gutxi balitz bezala, getariarrak lortu lezake beste dominen bat ere, hirugarrena. Zeren, txapelketa ez da amaitu. Datorren ostiralera arte iraungo du, hain justu, eta beste modalitate batean ere lehiatuko du Idiakezek. Zehazki, Dual Banked Slalomean arituko da asteazkenean, eta postu on bat lortzeko aukera asko ditu, munduko txapeldunordea baita, egun. Izan ere, bina zilar lortu zituen iazko Munduko Txapelketan: Boardercrossean bata, eta Dual Banked Slalomean, bestea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide