Aldarri morez bete da Getaria Martxoaren 8an

Mireia Galarza Bastida 2023ko mar. 8a, 20:38

Herriko hainbat lekutatik igaro dira herritarrak Denon bizitzak erdigunera! Feminismoa alternatiba leloa idatzita zeukan pankartaren atzetik. "Feminismotik abiatutako aldaketa" babestu dute, "bizitzak erdigunean jarriko dituen antolaketa sozial, politiko eta ekonomikoa", hain zuzen. 

Mariñak talde feministak deituta, mobilizazio ibiltaria egin dute gaurkoan dozenaka getariarrek. Egun argiz abiatu da Martxoaren 8ko manifestazioa Bista Onatik, eta jarraian herriko hainbat lekutatik igaro dira herritarrak Denon bizitzak erdigunera! Feminismoa alternatiba leloa idatzita zeukan pankartaren atzetik. 

Hain zuzen, udaletxe parean, Artzapen, San Salbatore elizaren parean eta frontoian egin dituzte geldialdiak, eta horietako bakoitzean emakumeek jasan behar dituzten indarkeria mota desberdinak salatu nahi izan dituzte Mariñako kideek, besteak beste, zaintzari lotutakoak edo lanbideei lotutakoak.

Guzti horien aurrean, "feminismotik abiatutako aldaketa" babestu dute, "bizitzak erdigunean jarriko dituen antolaketa sozial, politiko eta ekonomikoa", hain zuzen. Txalo zaparrada batekin eta udaletxea argi morez apainduta amaitu da ekitaldia frontoian. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide