Inauteriak 2023

Inauteriak ospatzeko prest da Getaria

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 12a, 10:00

Larunbatean ospatuko dituzte inauteriak Getarian, eta Udaleko Kultura Sailak dagoeneko iragarri du festetako egitaraua. Horrez gain, erakusleiho lehiaketa ere antolatu du udalak. 

Getarian ere prest daude mozorroen festan murgiltzeko. Datorren larunbatean, hilaren 28an, ospatuko dituzte inauteriak kostaldeko herrian. Egun horretarako egitaraua ere iragarri du dagoeneko Getariako Udaleko Kultura Sailak. 

Eguerdi partean, 12:00etan hasi eta pare bat orduz Sugarri txaranga arituko da Getariako kaleak girotzen. Arratsaldez, 16:30ean, herriko plazan, haur eta gaztetxoentzako diskofesta izango da DJ Txurrurekin. 19:00etan, berriz, inauterietako kartel eta erakusleiho lehiaketako sarien irabazleak iragarriko dituzte, baita sariak banatu ere plazan. Banakako eta talde karnabaleruena ere izendatuko dute une horretan.

Jarraian, inauterietako flashmoba dantzatzea proposatzen dute. Horretarako, Ainhoa Camiok koreografia bat prestatu du. Ondorengo bideoan ikus daiteke:

Iluntzeko jai giroarekin jarraitzeko, Sugarri txarangak bigarren saioa eskainiko du.

Erakusleiho lehiaketa

Herria egun hauetarako girotzeko, kartel eta erakusleiho lehiaketak antolatu ditu Getariako Udalak. 

Dekorazio hoberena duten saltokiak sarituko ditu Udaleko Kultura Sailak. Balorazioa egiterakoan konposizioa, sormena eta originaltasuna baloratuko dituztela iragarri dute antolatzaileek. Hiru sari emango dira guztira: 120 euroko lehenengo saria, 80 euroko bigarrena eta 50 euroko hirugarrena. Epaimahaiak larunbatean, hilaren 18an, bisitatuko ditu lehiaketan parte hartuko duten saltokiak.

Kartel lehiaketako irabazleak

Inauteriei lotutako kartel lehiaketa ere antolatu du aurten Getariako Udalak. Hauek dira aurtengo irabazleak. Sariak larunbat arratsaldean jasoko dituzte, 19:00etatik aurrera.

  • HH2-HH4: Nara Alberdi Lazkano - Txanogorritxu (HH3, 3 urte)
  • LH1-LH3: Maren Balenziaga Alkorta - Gure zirkoa eskuetan (LH3, 8 urte)
  • LH4-LH6: Nahia Otaduy Lazkano - Getaria mundura (11 urte)
  • DBH: Wissam Challal - Getariako mahatsekin mozorrotuko al zara? (DBH2)
  • 16tik gora: Nora Azkue Etxeberria - Murgildu festara

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide