Inauteriak 2023

Inauteriak iragartzeko kartel lehiaketa abiatu du Getariako Udalak

Onintza Lete Arrieta 2023ko urt. 25a, 18:00

Artxiboko irudian, getariar batzuk mozorrotuta, plaza ondoan.

Haur, gaztetxo zein helduentzako lehiaketa antolatu du, eta partaide bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahalko ditu. Lanak aurkezteko azken eguna otsailaren 6a izango da, astelehena.

Aurten ere inauterietako kartel lehiaketa antolatu du Getariako Udalak, eta besteetan bezala, adin guztietako herritarrek parte hartzeko aukera izango dute.

Bost maila zehaztu ditu udalak: 2-5 urte bitartekoa; LH1etik LH3ra artekoa; LH4tik LH6ra artekoa; 12 urtetik 15 urterakoa; eta 16 urtetik gorakoa. Aurreneko hiru mailetako irabazleek oparia jasoko dute, 12-15 urte artekoak 60 euro jasoko ditu, eta 16 urtetik gorakoetako irabazleak, azkenik, 150 euro jasoko ditu.

Partaide bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu, eta horretarako azken eguna otsailaren 6a, astelehena, izango da. Lanak udal liburutegian edo udaletxean aurkeztu behar dira.

Kartelaren ezaugarriak

Kartelak DIN3 tamainakoa izan beharko du, eta goiburuan gutxienez Getariako Inauteriak 2023 hitzak jarri beharko ditu.

Lanak edozein modalitate artistikotan egin daitezke, baina 16 urtera artekoen lanak eskuz eginak izan beharko dute.

Egileak berak idatzi beharko du goiburua, eta idazten ez dakiten haur txikien kasuan, bi aukera daude: ezer ez jarri, edo beren erara egin beharko dute, heldu baten esku-hartzerik gabe.

Ohi bezala, lanak ezingo dira sinatu, eta datuak aparteko gutun-azal batean aurkeztu beharko dira. Bertan egilea, telefono zenbakia eta adina zehaztu behar dira, eta gutun-azalean kartelaren izenburu edo goiburu berbera jarri behar dira.

Lehiaketa irabazten duten kartelak jendaurrean erakutsiko dituzte udaletxeko sarrera nagusian, otsailaren 13an hasita. Irabazi ez duten kartelekin, berriz, erakusketa jarriko du udalak, eta hamabost egunen buruan bueltan jaso ahalko dituzte egileek.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide