Azaroaren 18an abiatuko dute Euskaraldia, eta euskararen aldeko ariketa kolektiboa gizarteratzeko eta herritarrak girotzeko, hainbat ekimen antolatu dituzte Getarian. Igandean, azaroaren 6an, izango da lehen ekitaldia, Jon Zubiaga aktorearen Buah, Txabal! umorezko bakarrizketa. 19:00etan hasiko da saioa, eta sarrera doakoa izango da.
Azaroaren 9an, asteazkenean, bestalde, Getariako txakolina bertsotan izeneko jarduera egingo dute. Bertan txakolin dastaketa egingo dute bertsoekin uztartuta, eta Mikel Garaizabal ardo dibulgatzaileak gidatuko du. Bertsotan, berriz, Libe Goenaga eta Aner Peritz ariko dira. Berdura Plazan izango da ekimena, eta gehienez 40 lagunentzat tokia egongo da, beraz, parte hartzeko izena eman beharko da Harritarten.
Azaroaren 18an, ostiralarekin, emango zaio hasiera Euskaraldiari eta ekitalditxoa egingo dute Getarian 20:00etan, Bista Onan. Enabi musika taldeak kontzertua emango du saioan.
Txapa banaketa
Hurrengo astetan, azaroaren 18ra arte, ostiraletan eta larunbatetan mahaia jarriko du Euskaraldiko Getariako batzordeak txapa banaketa egiteko. Bertan, herritarrek Txapak jasotzeaz gain, izena emateko aukera ere izango dute. Hona hemen egutegia:
- Azaroaren 4a, gaur, 18:30etik 20:00etara.
- Azaroaren 5a, bihar, 12:00etatik 13:30era.
- Azaroaren 11, ostirala, 18:30etik 20:00etara.
- Azaroaren 12a, larunbata, 12:00etatik 13:30era.
- Azaroaren 18a, 18:30etik 20:00etara.