Getariako Udal Gobernuak 2022rako aurrekontu proposamena aurkeztu zuen asteartean eginiko batzordean. Guztira, 4.310.200 euroko aurrekontua osatu du Udal Gobernuak, iazkoa baino %17 handiagoa, eta erakundearen hitzetan, "azken urteetako handiena".
Prentsa ohar bidez jakitera eman ditu udalak aurrekontuan jasotzen diren beste hainbat atal ere. Trantsizio energetikora eta ingurugiroaren berreskurapenera bideratuko dituzte 210.600 euro, besteak beste, "energia aurrezteko eguzki panelak eskolan jartzeko, getariarrekin Komunitate Energetikoak sortzeko, auto elektrikoak kargatzeko gune bat jartzeko eta Garate-Santa Barbara Kontserbazio Berreziko Eremua berreskuratzen hasteko".
Hirigintzari dagokionez, 403.434 euroko inbertsioak aurreikusi dituzte guztira. Besteak beste, Alde Zaharreko irisgarritasuna bermatzeko aurreikusitako lanak amaituko diktuzte San Roke eta Iribarrena kaleetan zenefa jarrita. Horrez gain, Haitze kalea berreskuratzeko obrak egingo dituzte eta kultur etxeko fatxada eraberrituko dute, baita herriko pare bat aparkaleku "ordenatu" ere.
Horrez gain, 26.000 euro jarriko ditu udalak Zarautz Jauregirako idatzi den oinarrizko proiektua bultzatzeko. Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera ari da proiektua lantzen udala, eta bi erakunde horiek ere egingo dituzte diru ekarpenak proiektua gauzatzeko. Merkataritza eta bertako produktuak sustatzera 22.500 euro bideratu nahi ditu Udal Gobernuak, Babexarekin eta Urkomerekin batera hainbat proiektu garatzeko.
Arraun elkarteari 22.000 euro gehiago
Herriko eragileei ematen zaizkien dirulaguntzak bere horretan mantentzeko asmoa agertu du Udal Gobernuak, salbuespen batekin: kirol arlora 22.000 euro gehiago bideratuko dituzte, Getariako Arraun Elkarteak TKE ligara egin baitu jauzi aurtengo denboraldian, eta maila horretan arraun egiteko behar den diru kopurua osatzeko eta zenbait kirol instalaziotan hobekuntzak egiteko bideratuko dute diru hori.
Bestalde, iaz baino 40.000 euro gehiago bideratu nahi ditu Udal Gobernuak "herritarren ongizatearekin lotutako ekimenetara". "Hala nola herritarren emergentzia sozialei erantzuteko, Neguetxea egitasmorako eta Berdintasun Plana idazteko". Azkenik, 2021ean osatzen hasitako Getariako curriculumaren proiektuarekin jarraitzeko 12.000 euro bideratuko ditu udalak, eta Getarian euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko, berriz, 10.000 euro.