Ikasturte honetan euskaraz ikasten jardun duten getariarrek dirulaguntzak eska ditzakete

Dorleta Agiriano Lai 2021eko uztailaren 11

Laguntzak jaso nahi dituztenek udaletxean aurkeztu beharko dituzte eskaerak, uztailaren 23a baino lehen.

Getariako Udalak aurten ere eskainiko dizkie dirulaguntzak euskara ikasten ari direnei. 2020-2021 ikasturtean hizkuntza ikasten jardun dutenek, beraz, laguntzak eska ditzakete jada. Uztailaren 23a baino lehen aurkeztu behar dira laguntzak jasotzeko eskaerak, Getariako udaletxean.

Bi baldintza nagusi bete beharko dituzte eskatzaileek, udalak zehaztu duenez: batetik, aukeratu duten euskara ikastaroak barne hartzen duen ordu kopurua kontuan hartuta, asistentzia gutxienez %80koa izatea eta, bestetik, Getarian erroldatuta egotea ikastaroa egin duten denbora tarte horretan.

Dirulaguntzak eskatzean zenbait agiri ere aurkeztu beharko dituzte ikasleek; hain zuzen, NANaren kopia bat, euskara ikastaroko matrikularen ordainagiria, ikastaroa egin izanaren eta asistentziaren ziurtagiria (ikastaroa eskaini edo antolatu duen erakundeak emandakoa), eta ikaslea izanez gero edo langabezian egonez gero, hori frogatzen duen agiriren bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide