Kataluniako erreferendumaren aldeko mozioa onartu du Getariako Udalak aho batez

Getariako Hitza 2017ko irailaren 27a

Gaurko udalbatzarrean Kataluniako erreferendumaren aldeko mozioa onartu dute EH Bilduk eta EAJk. Herritarrei erabakitzeko eskubidearen aldeko egitasmoetan parte hartzeko eta urriaren 1ean, igandez, balkoietan estelada jartzeko deia egin die udalak.

Getariako Udalaren osoko bilkuran onartu dute mozioa. (Getariako Udala) Getariako Udala osoko bilkura egiten ari da gaur, asteazkena, iluntzean, eta igandeko Kataluniako erreferendumaren aldeko mozioa onartu dute udalbatza osatzen duten EH Bildu eta EAJ alderdiek. Mozioan irakur daitekeenez, haren sinatzaileek zilegitasun osoa aitortzen diote Kataluniano Paralamentuak egingo duen autodeterminazio erreferendumari. Getariako Gure Esku Dagok atxikimendua eman dio bi udal taldeek onartu duten mozioari. Bi alderdiek onartu duten mozioaren arabera, prozesu demokratikoa da gatazka politikoa konpontzeko biderik eraginkorrena: "Elkarrizketaren eta negoziazioaren eskutik akordioa lortzea da bide eraginkorrena, baina horiek lortu ezean herritarren gehiengoaren asmoa eta erabakia errespetatu behar dira". Bestalde, Getariako Udalak Espainiako estatuari eskatu dio datorren urriaren 1ean inolako oztoporik ez jartzea erreferendumean parte hartzeko. "Madrilgo gobernua, epaitegiak, Auzitegi Konstituzionala ezin dira Kataluniako herritarren gehiengo zabalak adierazitako borondate demokratikoaren gainetik jarri". Horri lotuta, udalak elkartasuna adierazi die Kataluniako herri guztiari, prozesu demokratikoa bultzatzen ari diren instituzioei, gizarte zibilari, herritarrek sortutako elkarteei, azken egunetan atxilotu dituztenei eta haien senideei eta lagunei, "erreferenduma inolako oztoporik eta eragozpenik gabe egin dezaten edozein erasoren aurrean". Getariako EH Bilduren eta EAJren udal taldeek "irmoki" salatu dute alkateak deklaratzera deitzea, eta demokrazia praktikan jartzea ahalbidetu nahi duten alkateak inputatzea deitoratu dute. Bestalde, udalak konpromisoa hartu du munduko herri guztietan borondate askean garatzen diren prozesu politikoen alde egiteko. Erreferendumaren atarian, udalak urriaren 1eko emaitza errespetatuko duela esan du eta erakundeei nahiz eragileei gauza bera egitea eskatu die. Gainera, herritarrei erabakitzeko eskubidearen aldeko egitasmoetan parte hartzeko eta urriaren 1ean, igandez, balkoietan estelada jartzeko deia egin die udalak. Horri lotuta, udalak jakinarazi du esteladak udaletxeko bulegoetan banatuko dituztela ostiral goizean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide