EAJk Getariako Udaleko webgunean «zentsura» egiten dutela salatu du

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko azaroaren 22a

Getariako Udaleko webguneak eztabaida sortu du Getariako alderdi politikoen artean (Aiora Larrañaga/Hitza) Getariako Udalaren webgunea zeresana ematen ari da azken egunetan. Izan ere, EAJ udal taldeko ordezkariek udaleko webgunean «zentsura imposatzea» leporatu diote udal gobernuari. Getariako EAJren esanetan, Getariako Udal Gobernuak uko egin dio «jeltzaleek Balentziagako garajeen inguruan duten iritzia webgunean jartzeko» egindako eskaerari. «Eskaria egin genuen, bost egun pasa ziren eta ez genuen erantzunik jaso. Horregatik bigarren saioa egin genuen, eskaerari idatziz eta ofizialki udaleko erregistroan sarrera emanez», azaldu du EAJk. Urriaren 15an egin zuen eskaera EAJk, baina ez du erantzunik jaso. «Badirudi alkateak eta bere taldeak bakarrik duela Getariako Udaleko webgunea erabiltzeko eskubidea, eta udaleko oposizioko talde nagusiaren aurka, EAren aurka joateko erabiltzen dute behin eta berriz», salatu du Getariako EAJk. Getariako Udal Gobernuak EAJk egindako salaketari erantzun dio, eta argi azaldu du hau: «Getariako Udalaren webgunean zein udalaren funtzionamenduan ez da inolako zentsurarik aplikatzen, ez behintzat 2011tik aurrera». 651 getariarren eskaria EAJk uste du Getariako Udalaren webgunea «udal osoarena eta getariar guztiena» dela. «ez Getariako Udal Gobernuarena bakarrik, getariar guztiek ordaintzen baitugu», aldarrikatu dute jeltzaleek. Gainera, EAJk aitortu du alkateak eta bere taldeak eskubide osoa dutela «guztiena izan behar duen webgunean euren iritziak eman eta kritikak kaleratzeko, 751 herritarrek eman baitzieten babesa hauteskundeetan». Hala ere, gogorarazi dute 651 getariarrek bozkatu zutela EAJren alde udal hauteskundeetan. «Horregatik, uste dugu guk ere eskubidea badugula gure proposamenak udalaren webgunean argitaratzeko». Getariako Udal Gobernuaren iritziz, udalaren atari digitala «ez da alderdien arteko liskarrak edo oharrak kaleratzeko. Horretarako prentsa edo aldizkariak erabili daitezke, baina Getariako webgunea ez». Printzio hori jarraituz, zehaztu du Getariako webgunean ez dutela alderdi politikoen oharrak eta adierazpenak argitaratuko. «Ez EAJrenak, ezta Bildu, Sortu, EA, Aralar edo bestelako alderdienak ere». Getariako Udal Gobernuak nabarmendu du udalaren ardura hartu zuenetik webgunean argitaratu dena udal gobernuak herritarrei emandako udal informazioa izan dela. «Herriko proiektuen eta obren inguruko azalpenak emateko baliatu dugu, eta alderdi politiko batzuek kaleratutako informazio okerraren aurrean, informazio zuzena eta zehaztasunak eskaini dizkiegu herritarrei webgunean».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide