Asteazkenean aurkeztuko du prozesua; azaroa eta abendua bitartean zazpi bilera egingo dituzte.
Getariako Udalak aurten ere parte hartze prozesua abiatuko du datorren urterako aurrekontua herritarrekin lantzeko,
Guztiok bat lelopean. Horren nondik norakoak azaltzeko, asteazkenean, hilaren 23an, bilduko da getariarrekin. Bertan bileren egutegia zehaztuko dute udal ordezkariek, baita zein prozedura jarraituko duten azaldu ere, besteak beste. Udaletxeko pleno aretoan izango da bilkura, 19:00etatik aurrera.
Aurten iaz baino lehenago helduko diote lanketari. Urrian hasi eta 2014ko urtarrila bitartera luzatuko dute prozesua. Lehenbiziko hitzordua asteazkenerako jarri dute, aurkezpena egiteko. Azaroan eta abenduan izango dira, berriz, bilera irekiak.Aurten zazpi egingo dituzte, 2012an baino bi saio gehiago. Sail guztietako diru partidez jardungo dute horietan: hirigintza eta zerbitzuak; ingurumena eta hondakinen kudeaketa; kirola, kultura, euskara eta gazteria eta turismoa. Horrez gain, Meaga eta Eitza auzokoekin, San Prudentzio eta Askizuko bizilagunekin eta udaletxeko langile zein teknikariekin ere bilduko dira politikariak.
Bilerotan « zenbakiez baino, edukiez, herriko beharrez ideiez eta egitasmoez» hitz egingo dutela jakinarazi dute. «Interes pribatu eta partidistetatik, interes eta behar kolektiboetan, herrikoietan oinarritzera igaro behar dugu, uneoro herri ikuspegia eta onura mantenduz», diote. Era berean, proposamen guztiei erantzuteko konpromisoa hartu du erakundeak, «ongi argudiatuta». Bileretara bertaratu ezin dutenek, postaz—etxera bidaliko dituzte eskuorriak eta beteta udaletxeko postontzian utzi ahalko dira— zein
www.getaria.net webgunearen bidez egin ahalko dituzte ekarpenak.
Urtarrilean eta otsaila bitartean aurkeztuko dituzte behin behineko aurrekontuak eta otsailean edo martxoan behin betikoak.
Balorazio «oso positiboa»
Getariako Udalak iaz jarri zuen martxan lehenbiziko aldiz erakundeko diru partidak zehazteko prozesua, getariarrak informatzeaz gain, aurrekontuen lanketan parte hartu zezaten. «Herritarrak lau urtean behin botoa ematen duten subjektu pasibo izatetik herriko erabakietan parte hartu eta iritzia ematen duten subjektu aktibo izatera pasatzea nahiko genuke», esan dute udaletik. Hain zuzen, esperientzia horren balorazio «oso positiboa» egin dute udal ordezkariek. «Guztira bost bilera ireki egin ziren auzoka zein sektoreka eta 63 herritarrek hartu zuten parte, 40 proposamen eginez».
Aurten pauso bat harago eman eta aurrekontu parte-hartzaileen lanketan sakondu nahi du Getariako Udalak: parte hartze handiagoa eta proposamen gehiago jaso nahi ditu.