Ezkerretik eskuinera, Aitor Bikuña Getariako Independentea, Nika Lertxundi alkatea eta EAJko ordezkari Andoni Aristi, gaur eguerdiko agerraldian. Amaia Ventas
"Larunbat goizaldean gertakari latz eta triste baten berri izan genuen Getarian. Antxoa Egunaren barruan antolatutako ekitaldiak ilundu zituen gertakari horrek", dio Getariako alkate Nika Lertxundik. 04:30ak inguruan Herrerieta kalean bi koadrilaren arteko borroka bat gertatu zen, eta lagun bat larri zauritu, ondorioz. Ertzaintzaren bi patruila borroka gertatu zen eremura bertaratu ziren, eta zauritutako pertsona aurkitzeko operatiboa martxan jarri zuten. Zumaia eta Getaria arteko kostaldean aurkitu zuten gaztea, eta ospitalera eraman.
Horren aurrean Getariako Udalak elkartasun osoa adierazi die gau horretan zauritutako pertsonari eta haren familiari. Era berean, ahalik eta lasterren osatzea eta bere ohiko bizitzara "inolako arazorik gabe" bueltatu ahal izatea opa dio. Aldi berean, larunbateko indarkeria adierazpena eta beste edozein arbuiatzen duela adierazi du. "Hurbilen dugun kasuan, jai giroa gaiztotu eta bizikidetza eragoztea besterik ez du lortu. Ulergaitza eta zentzugabea zaigu festa giroan murgilduta zegoen herri baten testuinguruan pertsona bat larri zaurituta gertatzea". Arazoen eta ezin ulertuen aurrean indarkeria ez dela aterabidea "argi eta garbi" nabarmendu du Lertxundik. Ildo horretatik, herritarrak deitu dituzte "elkarbizitzaren balioa liskar eta ezin ulertuen gainetik" jar dezaten, "hori baita azken egunetan gure herria asaldatu duen gertakaria bezalakoak errepika ez daitezen modurik eraginkorrena".