Aldaketak
9.000 eurorekin egingo dena
- Euskara. Euskararen erabilera kalean sustatzeko hitzaldi eta ikastaroak antolatuko dituzte: 1.800 euro.
- Gizartea. 16-20 urte bitarteko gaztetxoen gurasoentzat hitzaldi eta ikastaroak (drogak, prebentzioa…) antolatuko dituzte: 600 euro.
- Kirola. Gure Txeruri udako federatuen eskupilota txapelketako sarietarako 500 euro gehiago bideratu dituzte.
- Turismoa. Turismo bulegoa urte guztia irekita edukitzeko hitzarmenean, 17.000 euro jarri ordez, 20.000 euro jarri dituzte. Aurreikusita zegoena baino 3.000 euro gehiago, bertako langilearen oporrak eta baja kasuak direla eta.
- Hondakinak. Zabor bilketarako gune osatuak (edukiontzi denak izango dituzten guneak) osatzeko partida bat bideratu dute. Batez ere Mia eta Eitzako auzoan: 3.100 euro.
Balentziaga kaleko lanak izango dira 2013ko inbertsio nagusia. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Atzo arratsaldean Getariako Udalak
Getaria informatzen ekimenean 2013ko behin betiko aurrekontua aurkeztu zuen herritarren aurrean. Udalbatzak martxoan eman zion oniritzia aurrekontuari, Bildu eta Getariako Independenteen aldeko botoekin. Udal Gobernua «oso gustura» dago emaitzarekin. «Prozesu luzea eta emankorra izan da. Independenteekin, udaleko teknikari eta langileekin, herritar eta herriko elkarteekin elkarlanean osatu dugu», azaldu du Ogasun zinegotzi Aitor Irigoienek. Eta uneoro «gardentasuna» nagusi izan dela nabarmendu du Udal Gobernuko kideak.
Inbertsio garrantzitsuak
2013rako inbertsio garrantzitsuak aurreikusi ditu udalak Getarian, eta 2013koa inoiz izan duen aurrekontu handiena ere badela nabarmendu du; 6.597.235 eurokoa izango da, hain zuzen ere. «Hori lorpen handia da egungo egoera eta testuinguru zaila kontuan hartuta. Horrenbestez, arduraz jokatuko dugu, halako erronka bati erantzuteko eta aurrekontuan barneratu diren gastu eta sarrerak urtean zehar ondo doazela uneoro egiaztatuz», nabarmendu du Irigoien zinegotziak.
Udalak jakinarazi duenez, aurrekontu handia izatearen zergati nagusia, «2013an egitea aurreikusten diren inbertsioak dira». Bereziki, Balentziaga kaleko garajeak eta goiko eraikina. «Oso proiektu garrantzitsua da hau. Aurreko legealdian lehiaketa hutsik geratu zen arren, 2012an zehar proiektuari buelta asko eman dizkiogu, eta dena birplanteatu eta osatu dugu. Lehiaketa berriz atera dugu, eta obra martxan jartzea lortu». Behin lanak martxan izanda, «lanak ondo egin, eta garajeen salmentarekin asmatzea izango dira aurtengo helburuak, herrian dagoen aparkatzeko arazoari irtenbidea emanez».
Gehiegizko zorpetzerik ez
Horretaz gain, «aurreko legealdian ohiko bilakatu zen gehiegizko zorpetzeari amaiera jarri zaio 2012ko eta 2013ko aurrekontuetan». Ildo horretan, kudeaketa «zorrotza» jarraitu dela nabarmendu du Getariako Udalak. «Gastatu den zentimo bakoitzari ongi begiratu diogu. Horri esker, zorpetze ratioa jaistea lortu da, eta Getariako Udala gehiago ez zorpetzea eta etorkizuna ez hipotekatzea lortu nahi dugu», adierazi du Irigoienek.
9.000 euro gehiago
Behin-behineko aurrekontuarekin alderatuz, hainbat aldaketa egin du Getariako Udalak. «Zergetan eta tasetan 9.000 euro gehiago jasoko dira, orain arte zabor bilketan egon den akats bat dela medio, hainbat urtez Getariako Udalak zegokiona baino gehiago ordaindu izan baitu».Udal Gobernua akats honetaz jabetu, eta hori konpontzeko izapideak martxan jarri ondoren, aurten jasoko du zenbatekoa.