Herriko ekoizleen produktuen azoka hilean behin egitea proposatu dute getariarrek (Urola Kostako Hitza)
Proposamen batzuk
- Malkorbe aldeko espaloia zabaltzea.
- Zumaiarako autobus geltokia egokitzea. Autobusetik jaisterakoan altuera handiegia dela adierazi dute.
- Herri baratzeak jartzeko aukera aztertu.
- Getariako etxebizitza beharren inguruko azterketa egin.
- Aparkaleku gehiago jartzeko aukera aztertu.
- Auzoetako haurrentzat eguerditan etxera bazkaltzera joateko autobus zerbitzua izatea.
- Auzoetako zenbait mendi bide konpondu.
- Auzoetan kontainer gune osoak jartzea proposatu da, horrela birziklatzea errazteko.
- Hilean behin herriko ekoizleen azoka egitea, herriko komertzioen eskaintzaren osagarria izango dena. Izan ere, Getarian turismoa eta lehen sektorea oso lotuta daude.
- Gabonetako argirik gabe kaleak triste geratu direla uste dute hainbat herritarrek. Hurrengo Gabonei begira ekimen gehiago antolatzea proposatu dute.
- Kalean, gurasoen artean euskara gehiago sustatzeko beharra azpimarratu da.
Behin-behineko aurrekontua onartua badago ere, behin betiko oniritzia eman baino lehen herritarrek
Guztiok bat! parte hartze prozesuan egindako proposamenak aztertu, eta «ahal den heinean» txertatzen saiatuko dela jakinarazi du Getariako Udalak.
Aitor Irigoien zinegotzia oso gustura agertu da lortutako emaitzarekin. «Mota honetako prozesu bat lehen aldiz abiatu eta 63 lagunek parte hartzea positiboa iruditu zaigu. Denera 40 proposamen egin dizkigute herritarrek, eta ahal dugun heinean kontuan hartzen saiatuko gara», adierazi du.
Gertutasuna
Inguruko herri askotan parte hartze prozesuak aholkularitza enpresek dinamizatu dituzte. Getarian ez. «Gure kasua desberdina izan da. Gu geu izan gara herritarrekin bildu eta haiekin askotariko gaien inguruan hausnartu dugunak». Getariako Udal Gobernuko kideek uste dute horrek «Udalaren eta herritarren artean gertutasun giroa» sortu duela, eta getariarrek «lasai» hitz egiteko aukera izan dutela. Egin dituzten bost bileretan Getariako Udalaren mezua argia izan da: «Herritarrekin bildu gara kezkak eta proposamenak entzuteko, eta asko eskertu dute getariarrek. Auzoetako bileretan eskatu digute mota horretako bilerak urtean bizpahiru aldiz antolatzea, elkarren berri izateko», azaldu du Irigoienek.
Aurten ezin direnak, 2014an
Mota askotako proposamenak jaso ditu Getariako Udalak parte-hartze prozesuan, eta datozen egunetan aztertuko ditu, «2013ko behin betiko aurrekontuan sartzeko». 2013an gauzatu ezingo diren proposamenak, berriz, 2014ko aurrekontuan kontuan hartzen saiatuko dela dio udalak.