Getariako 2013ko inbertsio nagusia, Balentziagako garajeak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko martxoaren 1a

2013ko Getariako Udaleko aurrekontua Sarrera arruntak: 6.659.021 euro. Gastu arruntak: 2.782.875 euro. Inbertsio nagusiak: - Balentziaga kaleko garajeak 3.252.000 euro. - Aldamar parkea hornitu eta estaltzeko lanak 100.000 euro. - Saneamendua hobetzeko lanak 60.000 euro. - Turismoa: web orria eta sustapen ekintzetarako 40.000 euro. - Haurreskolako lokalaren egokitzapen lanak egiteko 100.000 euro. - Eskolako jangela handitzeko 46.260 euro. - Sahatsaga kaleko zabor eremua egiteko 20.000 euro. - Mapa toponimikoa burutzeko 16.000 euro. Balentziaga kaleko lanak martxan dira. (Aiora Larrañaga/Hitza) Asteazken arratsaldean behin-behinean onartu zituen Getariako Udalabatzak 2013ko udal aurrekontuak. Bildu udal taldeko bost zinegotzien eta Getaiko Independeteak taldeko zinegotziaren aldeko botoarekin eman zieten oniritzia aurrekontuei. EAJ udal taldea abstenitu egin zen. Getariako Udalak martxoaren 5ean egingo du herritarrei 2013ko aurrekontuak azaltzeko bilera irekia. Aurtengo aurrekontuak aurreko urteetakoekin alderatuta «bereziak» izan dira, udalaren arabera. «Aurten lehen aldiz aurrekontuek herritarren beharrak eta nahiak islatu eta bete zitzaten» Guztiok bat! prozesu parte hartzailea abian jarri zuen Getariako Udal Gobernuak. «Oso urrats garrantzitsua izan da hau guretzat. Prozesu estrategikoa da, eta aurrerantzean urtero aplikatuko dugu, eta hobetzen joango gara», azaldu du Getariako Udal Gobernuak. Bestetik, Aitor Irigoien Ogasun batzordeburuak adierazi duenez, Getariako Udal Gobernuak 2012an «lan handia egin du» gastu arrunta eta funtzionamendukoa ahalik eta gehien doitzeko. «Hainbat kontratu birnegoziatzen ahalegin handia egin dugu, baina honek eman ditu bere fruituak. Izan ere, 2012. urtea zenbaki txukunekin amaitzea lortu da; mailegurik eskatu behar izan gabe, alegia. Aurreko agintalditik pendiente zeuden hainbat arazo eta ordainketari aurre egin zaie, eta, esan bezala, zenbait kontratutan baldintza hobeak lortu ditugu, eta udalak dirua aurreztuko du horrela; bereziki, eskailera mekanikoen mantenuan eta lorezaintza gastuetan. 2013ko aurrekontuetan antzematen dira lortu diren hobekuntzak». Horretaz gain, herriko elkarteen eta eragileen orain arteko laguntzei eutsi diete, eta kasu batzuetan areagotu ere egin dute. Ildo bera jarraitu dute Gizarte Ongizate arloarekin eta Hirugarren Munduko laguntzekin ere. «Krisiak krisi, eta baliabide gutxiago izan arren, Getariak laguntza hauek denak mantendu ditu, guretzat estrategikoak direlako», azaldu du Irigoienek. Inbertsio «esanguratsuak» Inbertsioei dagokionean Balentziaga kaleko garajeen lanak, Aldamar parkearen berrikuntza eta haurreskola berriaren egitasmoak ere martxan jarriko dira aurten. «Inbertsioen atala oso esanguratsua da. Izan ere, leku eta erakunde gehienetan inbertsioak ikaragarri murriztu dira garai honetan, eta halako proiektuak egiteko ahalmena izatea, eta halako proiektuak aurrera ateratzea ez da erraza. Horretarako, 2012an diru laguntzak lortzeko lana egin zen, eta ere bere fruituak eman ditu, aipatutako hiru proiektuetarako lortu baitugu diru-laguntza», zehaztu du Getariako Udaleko Ogasun batzordeburuak. Udal taldeen iritzia EAJ udal taldeko zinegotziak abstenitu egin ziren 2013ko aurrekontuen bozketan. «Aurrekontuen gaineko azken aldaketen berri atzo bertan izan genuen, eta, ondorioz, jendaurreko erakustaldi epean gure taldeak ekarpenak egingo ditu», azaldu zuen EAJko zinegotzi Uxoa Larrañagak. Getaiko Indepenteak taldeko zinegotzi Aitor Bikuñak «hainbat gastu jaisteko» egin den ahalegina nabarmendu zuen udalbatzarrean, eta egokitzat jo zuen turismoa sustatzeko ekintzetan bere udal taldeak egindako ekarpenak aurrekontuan jaso izana.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide