Getariako udal ordezkariak herritarrekin solasean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urtarrilaren 10a

Astearte iluntzean Getariako Bilduko zinegotziak herritarrekin bildu ziren udaletxeko areto nagusian, Getariako Udal Gobernuko kideak herritarrei azalpenak ematen. (Argazkia: Aiora Larrañaga) azken hilabetean gertatutako herriko kontuak adierazi eta udalak hartutako azken erabakien nondik norakoak azaltzeko. «Garrantzitsua iruditzen zaigu getariarrek udalean hartutako erabakien berri izatea; erabakiak zergatik eta zein irizpide jarraituaz hartzen ditugun ezagutzea, alegia. Horretarako modu informalean egindako bilera hauek dinamika egokia direla uste dugu, eta hilero hilero jende gehiago animatzea gustatuko litzaiguke», adieraziz abiatu zuen bilera Nika Lertxundik, Getariako alkateak. Hitzorduan bildu ziren herritarrak gustura eta eroso sentitu ziren hasieratik, eta iritzia eman eta proposamenak egin zituzten. Bost gai nagusi jorratu zituzten, eta horien inguruan solasean aritu ziren udaleko ordezkariak eta herritarrak. Hirigintza gaiak Hasieratik gustura agertu zen Getariako alkatea Sahatsako etxebizitza tasatuak urte amaierarako entregatzeko aukera izan dutelako. «Aurreko legealdian Iturzaeta Eskolaren eta kiroldegiaren artean lurpeko pasabidea egitea eskatu zuen aurreko Udal Gobernuak. Guk, ordea, Sahatsaga Goiko eremuko bigarren hirigintza hitzarmena lehen bailehen onartzeko beharra ikusi genuen, 2013 urtean entregatuz gero, etxejabeek BEZ gehigarria ordaindu beharko zutelako. Azkenean, zehaztutako epeak bete dira, eta udala eta bizilagunak gustura gaude». Adi-adi jarraitu zituzten herritarrek azalpenak. (Aiora Larrañaga/Urola Kostako Hitza) Hirigintza gaietan, Balentziaga kalean egingo diren garajeak ere izan zituzten hizpide. Herritar batek garajeek zer izaera izango zuten galdetu zuen, eta hiru aukera aztertzen ari direla erantzun zion alkateak. «Salmenta zuzena, kontsezioa eta alokairua. Oraingoz 75 urteko kontsezioa izan dezan dago onartuta parkaleku hori. Udalaren esku dago aparkalekuen izaera erabakitzea, baina ezin da egun batetik bestera egin», azaldu zuen Lertxundik. Horregatik, herritarren eskaera zein den aztertu eta horren arabera hartuko du erabakia Getariako Udalak. Tasa eta zergen igoera Abenduko udalbatzarrean Bildu eta Getariako independenteen aldeko sei botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu zituzten ordenantza fiskalak ere azaldu zituen Aitor Irigoien zinegotziak. «Tasa eta zergak orokorrean Hego Euskal Herriko KPIaren arabera igo ditugu. Igoera hori, beharrezkoa da udalari ere urte berriarekin batera gastuak igo zaizkiolako». Hala ere, izan da salbuespenik.Ondasun Higiezinen Zergak esaterako, %25 igoko zaie hutsik dauden etxebizitzei. «Hutsik dauden etxebizitzak zein diren erabakitzeko erroldaren printzipioa kontutan hartuko dugu, baina hainbat salbuespen ere zehaztu ditugu». Zaborraren tasa ere izan zuten hizpide herritarrek. Materia organikoa bereizten duten herritarrek %3,2ko igoera ezarriko zaie; hondakinak sailkatzen ez dituztenei, berriz, %5a. Nika Lertxundi alkateak bileran azaldu zuenez, Getaria birziklatze mailarik «baxuena» duen herrietako bat da. «Hobetu egin behar dugu herriko birziklatze tasa, Udalarentzat gastu handia baitu ez birziklatzea. Urtetara eramaten duen tona bakoitzeko ordaintzen du herri bakoitzak eta ez bada birziklatzen, gehiago ordaindu behar dugu. Gaur egun, herritarrek ordaintzen dugunarekin, ez da iristen gastu horren erdia kitatzeko ere» azaldu zuen. Adibide moduan, Getaria eta Orio konparatu zituen Lertxundik. «Getariak 2.500 biztanle ditu eta hilero Urtetara eramaten dugun errefuxa kopurua Orioko datuetatik oso gertu dago, biztanle kopuru bikoitza duen herria den arren».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide