Getarian Sahatsaga Goiko hirigintza gaiak eta etxebizitza tasatuen kalifikazioa izan dituzte hizpide hilabete honetako udalbatzarrean. Sahatsaga Goiko eremuko bigarren hirigintza hitzarmena onartu zuten herenegun egindako saioan. Izan ere, udalak urtea amaitu aurretik bukatu nahi ditu lanak, BEZ gehigarria aplikatzea ekiditeko.
Lanak amaitzea «presazkoa»
Sahatsa Goian eraikitako 41 udal etxebizitza tasatuei behin betiko kalifikazioa emateko proposamena aho batez onartu zuen Udalbatzak. Bestetik, Sahatsaga Goiko eremuko bigarren hirigintza hitzarmena behin betiko onartzeko proposamena egin zuen udal gobernuak. EAJ ez zen ados agertu eta EAJko bozeramaile Andoni Aristik hitzarmena mahai gainean uzteko eskatu zion Udalbatzari, eurek sartu dituzten alegazioei emandako erantzuna asteartean iritsi zelako: «Badakigu presazko gaia dela eta Sahatsaga Goiko etxebizitzak lehenbailehen amaitu behar direla, baina teknikoak emandako erantzuna atzo iritsi zitzaigun eta uste dugu bozkatu baino lehen bertan jasotakoak eztabaidatzeko batzordea egin beharko litzatekeela, gai garrantzitsua da eta». Getariako alkate Nika Lertxundik azaldu zuen, Udalbatza osoak «saiakera berezi» bat egin behar duela hitzarmena onartzeko. «2013tik aurrera BEZ gehigarria aplikatuko da eta etxejabeek hori ordaindu beharrik izan ez dezaten, garrantzitsua da etxebizitzak aurten amaitzea». Azkenean, hitzarmena onartu egin zuten aldeko sei botorekin (Bildu eta independenteak) eta bost abstentziorekin (EAJ).
Lur azpiko pasabide eskaera
EAJk aurkeztutako alegazioen artean, Iturzaeta Herri Eskolaren eta kiroldegiaren artean lur azpiko pasabidea egiteko proposamena dago; haurrek batetik bestera pasatzerakoan arriskurik izan ez dezaten.
Bildu ez dago ados proposamenarekin: «Gaur egun lur azpiko pasabideek arriskuak sortzen dituzte eta puntu ilun bezala aurkeztuta daude. Uste dugu azterketa bat egin beharra dagoela zuek aurkeztu duzuen arazoari irtenbidea emateko, baina hau ez da Sahatsaga Goiko bigarren hirigintza hitzarmena atzera botatzeko momentu egokia», adierazi zuen Lertxundik.
Eztabaida horretatik abiatuta, Aristik salatu zuen batzordeetan udal gobernuak ez duela «nahikoa informazio ematen». Getariako alkateak, berriz, batzordeetan informazioa emateaz gain, «elkarlana» egitea garrantzitsua dela erantzun zion: «Azken batzordeetan ika-mikak izan ditugu eta uste dugu denok saiatu behar dugula elkarlana egiten».
