Gaur hasiko dute Errezilen 2026ko Sagar Azoka. Abenduaren 16ra bitartean, hainbat ekintza egingo dituzte sagarrari lotuta, eta gaur, ostirala, izango da aurrenekoa. Hain justu, Akerra zein Erniope elkarteek eta Borondegik pintxoak eskainiko dizkiete arratsaldean Errezilera bertaratzen direnei.
Sagar Azoka, berriz, abenduaren 6an, igandez, egingo dute. 10:00etatik 14:00etara bitartean, ekoizleek eta artisauek askotariko produktuak jarriko dituzte ikusgai, herriko pilotalekuan. Gainera, sagar tarta eta sagar dultze lehiaketak egingo dituzte egun horretan. Umeentzako txokoa ere izango da, eta pintxoak, gaztainak eta lehiaketetako produktuak eskainiko dituzte dastatzeko.
Abenduaren 16an, asteazkenez, izango da 2026ko Sagar Azokako azken hitzordua. Egun horretan, Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua aurkeztuko du Jakoba Errekondo agronomoak, Borondegiko aretoan (18:30).