Errezilgo sanmartinak 2026

Jubilatuen Egunarekin borobildu dituzte Errezilgo sanmartinak

Aitziber Arzallus

Herriko zazpi ganadutegitako animaliak jarri dituzte ikusgai goiz partean, eta fresko egiten zuen arren, jende ugari ibili da haien bueltan, nola helduak, hala umeak ere. Ondoren, herriko dozenaka jubilatuk bazkaria egin dute Borondegin; horixe izan da aurtengo sanmartinetako azken ekitaldia. 

Aurtengo sanmartinak azken hondarrera iritsi dira Errezilen. Bete-betea izan zuten joan den asteburua, eta haren ondoan lasaiagoa izan dute oraingo hau, baina Jubilatuen Eguna ospatu gabe ez zeukaten festak bukatutzat ematerik, eta horretan ari dira gaur. 

Goizean, aurrena, ganadu erakusketa egin dute. 11:00etan hasita, herriko zazpi ganadutegitako animaliak jarri dituzte ikusgai, eta umeak zein helduak, jende ugari arrimatu da haien ingurura. Hauek dira erakusketan parte hartu duten ganadutegi: Aritzeta Goikoa, Artañola, Belamendi, Etumeta, Ezama Enea, Mugarrieta eta Txokolate. Besteak beste, ahuntzak, ardiak, behiak, idiak, zaldiak, behorrak eta moxalak izan dira ikusgai. 

Eguerdian, 13:00etan hasita, meza izan da, eta ondoren, 14:30ean, Borondegin elkartu dira herriko dozenaka jubilatu, bazkariarekin borobildu baitituzte euren eguna eta aurtengo sanmartinak. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide