Errezilgo sanmartinak 2026

Errezilgo abereak izango dira ikusgai igandean, sanmartinetako Jubilatuen Egunean

Iraia Oteiza

Behiak, ganadutegi batean. (Andoni Elduaien)

11:00etatik aurrera, herriko zazpi ganadutegitako abereak ikusteko aukera izango dute herritarrek. Eguerdian, berriz, meza eta jubilatuen bazkaria izango dira aukeran. 

Herriko abeltzaintzaren eta baserri giroaren erakusleiho bihurtuko da igandean Errezil. Izan ere, herriko ganaduaren erakusketa egingo dute San Martin jaietako Jubilatuen Egunaren barruan. 11:00etan hasita, ondorengo zazpi ganadutegitako ganadua jarriko dute ikusgai: Aritzeta Goikoa, Artañola, Belamendi, Etumeta, Ezama Enea, Mugarrieta eta Txokolate. Hala,  besteak beste, ahuntzak, ardiak, behiak, idiak, zaldiak, behorrak eta muxalak izango dira ikusgai. 

Erakusketa ez ezik, bestelakorik ere izango da Jubilatuen Egunean. 13:00etan meza izango da, eta, ondoren, 14:30ean, Borondegin izango den jubilatuen bazkariarekin borobilduko dute eguna. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide