Errezilek amore eman behar izan zuen atzo, igandea, Asteasuren (Gipuzkoa) aurka Errezilgo frontoian jokatutako herri kirol erronkan. Dema bizia, azkarra, jokatu zuten bi herriek, eta frontoian bildu zen jendetzak interes handiarekin jarraitu zuen lehia; ez zen hausporik falta izan Erronka estu joan zen hasieratik bukaeraraino, baina, azkenean Asteasukoak gailendu zitzaizkien Errezilgoei, hiru segundoko tartea aterata.
Herri bakoitzak zortzi ordezkari jarri zituen proban, eta horiekin batera harri jasotzaile bana. Jon Unanue Goenatxo III.a aritu zen errezildarrekin, eta Xabier Aranburu Guzta asteasuarrekin. Hain justu, bi harri jasotzaile horien erakustaldiarekin hasi zen jaialdia, eta haien lana amaitzean hasi zen Errezilgoen eta Asteasuekoen arteko erronka.
Trontza, txingak, ingudea, zaku eramatea, lokotxak, korrika, ergometroa eta harri jasotzea uztartu behar izan zituzten parte hartzaileek, hurrenez hurren. Honako lan hauek egin zituzten: trontzan bi egur ebaki, bi plaza 50 kiloko txinga banarekin, hamabost jasoaldi ingudearekin, bi itzuli frontoiari zakuarekin, hamabi lokotx bildu, Belamendi baserrira joan-etorria korrika, 300 metro ergometroan eta sei altxaldi bederatziko kubiko harriari.