Errezilgo sanmartinak 2026

Umeen krosa, igande goizeko osagai nagusia Errezilen

Andoni Elduaien

Umeen krosarekin esnatu da Errezilgo sanmartinetako hirugarren eguna. Kirol proben ondoren, erraldoien kalejira izan da herriko kaleetan zehar. Arratsaldean, Errezilgo eta Asteasuko ordezkarien arteko kirol erronka izango da. 

Hirugarren festa eguna dute gaur, igandea, Errezilen. Ostiralean hasi zituzten sanmartinak han, eta orduz geroztik, etenik gabe ari dira errezildarrak beren herriko jaiak ospatzen. Gaur, umeen krosa jokatu dute herriko kaleetan zehar, eta dozenaka izan dira kirol hitzordu horretan parte hartu dutenak. Errezildarrak ez ezik, inguruko herrietatik lasterka egitera joandako haurrak ere bildu ditu probak. 

Urtero bezala, adinaren arabera banatuta egin dituzte lasterketak. Adinez txikienek metro gutxiago egin dituzte korrika, baina heldutzen joan ahala, egin beharreko metro kopurua ere handiagoa izan da haurrentzat. HH 3, HH 4 eta HH 5 mailakoen kategorian Eki Rieger eta Naila Apalantza nagusitu dira. LH 1 eta LH 2 mailetakoen artean, Oihan Mitxelena eta Naia Uzkudun izan dira azkarrenak. LH 3 eta LH4 mailetan, berriz, Xuban Agirretxe eta Alize Agirretxe izan dira irabazleak. Azken lasterketan, LH 5 eta LH 6 mailetakoen kategorian, Oinatz Beristainek eta Uxue Agirretxek altxatu dituzte garaikurrak. 

Lasterketak amaitzean, Sagarra eta Akerra erraldoiak atera dituzte kalera, eta haien bueltan gozatu dute eguerdira arteko tartea Errezilen. Arratsaldean, berriz, herri kirol erronka ikusteko aukera izango da han. Batetik, Errezilgo taldea arituko da, eta bestetik Asteasukoa (Gipuzkoa). 17:30ean hasiko da lehia, eta txingetan, lokotx biltzen, zakua eramaten, ingudean, trontzan, ergometroan eta korrikan lehiatuko dira bi herrietako ordezkariak. 

Gaur, igandea:

  • 17:30. Herri kirol erronka: Asteasu vs Errezil

Azaroak 22, igandea, Jubilatuen Eguna:

  • 11:00. Herriko animalien erakusketa.
  • 13:00. Meza.
  • 14:30. Jubilatuen bazkaria, Borondegin.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide