Errezilgo sanmartinak 2026

San Martin egunez festarik ez, baina meza izan dute Errezilen

Nerea Uranga

Errezilgo Festa Batzordeak bat egin zuen atzorako deitutako grebarekin, eta horregatik festetako ekitaldirik ez zuten izan atzo San Martin egunez. Meza bai, ordea; elizkizuna egin zuten. Bihartik aurrera, ordea, ekitaldiz betetako sanmartinak ospatuko dituzte errezildarrek.

Atzo, San Martin egunean, etxebizitza eskubidearen alde eta prekarietatearen kontra deitutako greba orokorrarekin bat egin zuen Errezilgo Festa Batzordeak, eta herriko zaindariaren egunerako ez zuten ekitaldirik antolatu. Tradizioari segika, ordea, eliztarrek meza egin zuten parrokian, 11:00etan hasita. Hainbat herritar bildu zen elizkizunera. Bitartean, herrian grebarekin bat eginez, etxebizitza eskubidearen aldeko leloak idatzita zituzten pankartak ikus zitezkeen zintzilik.

Bihartik aurrera, ordea, sanmartinak ospatuko dituzte Errezilen askotariko ekitaldiekin. Txupinazoa botatzearen ardura herrian euskara ikasten ari direnek izango dute. Hona hemen festetako egitaraua, osorik:

Bihar, azaroak 13, ostirala

  • 16:30. Ume jolasak.
  • 19:00. Herriko trikitilarien kalejira.
  • Ondoren, txupinazoa euskara ikasleen eskutik.
  • 20:00. Gaztetxoen dantza emanaldiak.
  • 21:00. Herri afaria Gaztetandikek eskainita.
  • Ondoren, Iratzar taldearen emanaldia.
  • 07:00. Gaupaseroen argazkia.

Etzi, azaroak 14, zapatua

  • 14:00. Bertso bazkaria, Letean: Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio bertsolariekin eta Julen eta Erkizi trikitilariekin.
  • 16:30. Go!azen telesailaren hamahirugarren denboraldiaren estreinaldia, Borondegin.
  • 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa, Euskal Parrillaren eskutik.
  • 23:00. Obaneuke taldearen emanaldia.

Azaroak 15, igandea

  • 11:00. Umeen kros herrikoa.
  • Ondoren, kalejira erraldoiekin.
  • 17:30. Herri kirol erronka: Asteasu vs Errezil

Azaroak 22, igandea, Jubilatuen Eguna

  • 11:00. Herriko animalien erakusketa.
  • 13:00. Meza.
  • 14:30. Jubilatuen bazkaria, Borondegin.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide