Atanasio Jesusen Bihotzarena errezildarra beato izendatuko du Elizak

Ane Olaizola

Atanasio Jesusen Bihotzarena. (Utzitakoa)

1936 eta 1937 artean fedearen aurkako gorrotoagatik hildako 80 pertsonen martirioa aitortzen duen dekretua onartu zuen Leon XIV. aita santuak Santanderko Elizbarrutian, eta horietako bat izan zen errezildarra. Datorren larunbatean izango da karmeldarraren beatifikazioa, Espainiako hiri horretan.

Atanasio Jesusen Bihotzarena karmeldar eta martir errezildarra —Gregorio Maria Agiñagalde Agirretxe— beatifikatuko dute datorren larunbatean, Santanderko katedralean (Espainia) egingo duten elizkizunean. Ekitaldi horretan parte hartuko dute Fernando Prado Donostiako gotzainak zein Joxin Eguzkitza Errezilgo parrokoak, besteak beste. Beatifikatuko duten hirugarren errezildarra izango da Atanasio Jesusen Bihotza. 

1870ean jaio zen Aginagalde Errezilgo Ibarbia auzoko Bildain baserrian, eta 15 urterekin apaiz egin zen; orduan hartu zuen Atanasio Jesusen Bihotzarena izena. 1936ko gerra piztu zenean, Santanderko Parrokiaren priorearen ordezko zela, errezildarra, komentutik kaleratu zituzten karmeldarrak, eta Atanasio atxilotuta egon zen bi egunez. Hilabete batzuetara berriz atzeman zuten hura, eta polizia etxera eraman zuten: "Bertan, erlijiosoak torturatzen zituzten fedeari uko egin ziezaioten. Apostatatzen ez zutenak hil egiten zituzten", esan du Donostiako Elizbarrutiak. Orduan ere bi egun preso igaro ondoren, 1969ko abenduaren 30an hil egin zuten, itsasora botaz. "Era honetara, Jainkoarenganako eta lagun hurkoarenganako maitasunean leial izan zen amaieraraino", azpimarratu du elizbarrutiak; 66 urte zituen.

Atanasioren kanonizazio prozesua 2016an hasi zen, elizbarrutiko fasea 2018an amaitu zen. 2021ean, berriz, Atanasioren eta beste 79 martirien santutasuna ikertzen aritu ziren Vatikanoa. Era berean, 1936 eta 1937 artean fedearen aurkako gorrotoagatik hildako 80 pertsonen martirioa aitortzen duen dekretua onartu zuen Leon XIV. aita santuak Santanderko Elizbarrutian. Hain zuzen, horien guztien beatifikazioa izango da datorren larunbatean hango parrokian egingo dutena. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide